Athletic defendatzea errespetuz jokatzea da

Athletic defendatzea errespetuz jokatzea da

Athleticen duintasuna bere jendearengan, errespetuan eta bere balioekiko koherentzian dago

Klub baten duintasuna kluba osatzen duten pertsonen duintasuna da, eta beren balioekin koherente jokatzeko duten gaitasunaren arabera neurtzen da, probokazioetan erori gabe eta apaldu gabe, eta beti burua altxatuta mantenduz. Errespetua da Athletic Cluben oinarrietako bat.

Uda hasi berri da, eta Athletic Clubekin 2027ra arte kontratua indarrean duen Nico Williamsen inguruko argitalpenak ugariak dira komunikabideetan eta sare sozialetan. Horiekin batera, era guztietako iruzkin eta erreakzio mordoa. Nico gutariko bat da. Lezaman hazitako jokalari bat, aldagelan maitatua eta bere zaleek babestua.

Klub baten duintasuna beretarrak babesteko moduan ere islatzen da. Horregatik, Barakaldon Carlos Lopezen muraletik Nikoren irudia ezabatu dutenek ez dute Athletic ordezkatzen. Eta familia honetako kide direla uste badute, oker daudela jakin behar dute: gureetako bati errespetua galtzea Athletici berari errespetua galtzea da.

Klubak uste du egungo egoerak kezka sor dezakeela zale athleticzaleen artean, batez ere zurrumurruek, harrokeriak edo gure nortasunarekiko mespretxuak elikatzen dutenean. Baina Athleticekoa izatea jarrera mantentzen jakitea ere bada. Athletic defendatzea errespetuz jokatzea da, probokazioetan ez erortzea eta hezkuntza ez galtzea.

Klubak erabakitasunez eta irmotasunez defendatuko ditu bere interesak, bere printzipioei leial betiere. Baina Athletic banakotasunen batuketa bat baino askoz gehiago da. Familia bat da, koadrila bat, futbola ulertzeko modu berezi batek batzen duen komunitate bat.

Eta proiektu irabazlea ere bada. Konpromisoa duten jokalarien belaunaldiarekin, zalego eredugarriarekin eta erosten eta saltzen ez den nortasunarekin. Athleticek badu oraina eta etorkizuna. Klub honek beti jarraituko duelako aurrera, burua altu, errespetuz eta harrotasunez. Daudenekin eta etorriko direnekin.

Athletic Club Carlos Lopez kaleko artistarekin harremanetan jarri da, ahalik eta lasterren eta behar duen guztian lagunduz, Nico Williams muralean berriro agertu dadin, Iñaki anaiarekin batera.