Urtebete EHUren eskutik goi-mailako errendimendua sustatzen

Urtebete EHUren eskutik goi-mailako errendimendua sustatzen

Athletic Cluben eta Euskal Unibertsitate Publikoaren arteko azken lankidetza hitzarmenak duela aste batzuk bete zuen bere lehen urtea, Euskal Herrian prestakuntza integrala, eliteko kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko konpromisoa indartzen duten hainbat ekimenekin

 2024ko udaberrian, Athletic Clubek eta Euskal Herriko Unibertsitateak asmo handiko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten helburu komun batekin: Lezamako Goi-mailako Errendimenduko Zentroaren proiektuan parte hartzea, kirol-bikaintasuna, ezagutza zientifikoa eta konpromiso soziala uztartuz. Gaur, urtebete geroago, Made in Euskal Herria proiektuak urrats sendoz egiten du aurrera, gure kirolarien errendimendua indartu, prestakuntza akademikoa sustatu eta euskal gizartean jarduera fisikoa sustatzen duten ekimenekin.

Iñigo San Millan buru duen hitzarmenak ekimen estrategiko ugari aurreikusten ditu. Horien artean, nabarmentzekoa da kirol-errendimendua hobetzean eta goi-mailako errendimendua bizitza pertsonalarekin uztartzean oinarritutako lankidetza-espazioa sortzea. Gaur egun garatzen ari den proiektuetako bat Lezamarako garraioa optimizatzea da, gure harrobiaren desplazamendu-denborak murrizteko eta esperientzia hobetzeko.

Gainera, gune honek aukera ematen die EHUko ikasleei Athletic Cluben benetako proiektuen inguruko Gradu Amaierako eta Masterreko Lanak egiteko, hala nola, duela hilabete batzuetatik hona martxan dagoen edukien sorkuntza eta komunikazio-prozesuak hobetzeko proiektua. Lankidetzak, halaber, unibertsitate-praktikak ekarri ditu Klubera, ikasteko eta garapen profesionalerako aukera paregabeak eskainiz.

Akordioa funtsezkoa izan da eliteko kirolarientzako unibertsitate-programa bultzatzeko, eta Athletic buru duen lantaldean EHUren parte hartzearekin, kalitatezko prestakuntza duala lortzeko bidean aurrera egiteko. Konpromiso hori 2024ko urriaren 15ean San Mamesen egindako hezkuntza dualeko jardunaldietan islatu zen.

Goi-mailako errendimenduaz haratago, hitzarmenak inpaktu sozialeko ekintzak ere jasotzen ditu. Esate baterako, Bizkaiko Campusean emakumezkoen futboleko kirol-eskola ezartzea, edo Klubak kirol-sustapeneko jardueretan parte hartzea, hala nola Kirol Egunean, 3x3 futbolarekin, eta dibulgazio-hitzaldiak ematea, adibidez Iñigo San Millanek osasun metabolikoari eta jarduera fisikoari buruz emandakoa, unibertsitateko Kirol Astearen barruan.

Athletic Clubek eredu propioaren aldeko apustua berresten du, Made in Euskal Herria delakoa, eta gizarte osoaren zerbitzura jartzen du bere prestakuntza akademikoa, garapen pertsonala eta kirol bikaintasuna batzen dituen plana.