Javi Lerga, emakumezkoen lehen taldeko entrenatzailea

Javi Lerga, emakumezkoen lehen taldeko entrenatzailea

Emakumezkoen zein gizonezkoen beheko mailetan esperientzia duen teknikari nafarrak denboraldi baterako kontratua sinatu du, Espainiako selekzioarekin 19 urtez azpiko Europako txapelketa aurreko astean irabazi ostean

Athletic Clubek eta Javi Lerga entrenatzaile tafallarrak akordioa erdietsi dute emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile bihurtzeko denboraldi batez, 2026ko ekainaren 30era arte. RFEFko beheko mailetan eskarmentu handia duen Lergak Lezamara heldu da 19 urtez azpiko Eurokopan lortutako arrakastaren ondorioz. Espainiako selekzioak Daniela Agote, Elene Gurtubay eta Ziara Vega zuri-gorriekin irabazi zuen Polonian Europako txapelketa. Era berean, 2023an Sidneyn munduko txapeldun izan zen talde teknikoan egon zen ere.

Lergak (45 urte) Ibaiganen sinatu du kontratua, Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentearekin eta Xabi Arrieta emakumezkoen futbol zuzendariarekin batera. Entrenatzaileak Espainiako Futbol Federazioa utzi du, azken lau urteetan bertan 19 eta 20 urtez azpiko hautatzailea izan ostean. besteak beste. Maila goreneko Espainiar selekzioko bigarren entrenatzailea izan da eta oinarriko selekzioen koordinatzailea izan da, eta Lezaman entrenatuko duen jokalarien zati handi bat bertatik igaro da.


EHUn Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna, Irabia-Izaga Ikastetxeko irakaslea izan zen 11 urtez. Irakasle gisa lan egin du Nafarroako Futbol Federazioan, Prestakuntza arloko zuzendari eta Entrenatzaile Eskolako zuzendari gisa, 16 urtez azpiko hautatzailea izateaz gain, baita Espainiako Futbol Federazioan ere.
 
Lergak gizonezkoen futbolean hasi zuen bere ibilbidea. Zortzi urte eman zituen Peña Sporten, 2002ko ekainetik, talde nagusia zuzentzen, bai Bigarren Federazioan, bai Hirugarrenean, Tafallako klubeko beheko mailetatik igaro ondoren. Hortik, Taxoarera pasa zen, non Osasunaren bigarren taldea zuzendu zuen denboraldi batean, bi Ohorezko Mailako Gazte Mailan eta beste hiru denboraldi bere harrobian.
 
David Aznarren ordezkoa Ruben Berroguirekin dator bigarren entrenatzaile gisa, emakumezkoen futbolean Barañaingo SD Lagunak-en, FCN Mulierren eta CA Osasunako gizonezkoen harrobian aritua, eta Jagoba Arrasateren talde teknikoan lehen taldeko analista gisa. Bere azken esperientzia NK Celje esloveniarrean izan da, Albert Riera agintean zela.

Entrenatzaile zuri-gorri berriak esan duenez, Athleticen deia "aurrerapauso handia da nire ibilbidean eta oso eskertuta nago emakumezkoen futbolaren aldeko apustua egiten duen eta urte asko ondo egiten dituen klub bati. Iraiak eta Davidek egindako lanaz aprobetxatzen saiatuko naiz".

 

Gainera, aukera hau une egokian datorrela uste du Lergak. "Klub bateko eguneroko lana berriro bizitzeko gogoa nuen", esan du nafarrak, eta Athleticen filosofiarekin oso identifikatuta dagoela esan du: "Asko sinesten dut etxeko jendearengan eta klub honen balio bereizgarria dela uste dut".