Ipar Euskal Herriaren aldeko apustuaren hitzordu historikoa Baionan

Ipar Euskal Herriaren aldeko apustuaren hitzordu historikoa Baionan

Athleticek Iparralden egindako futbol eta gizarte inbertsio indartsua berretsi du hiru probintzietako hitzartutako hamaika kluben aurrean, Udaletxean egindako ekitaldi batean

Athletic Clubek ekitaldi handia egin du gaur Baionan Ipar Euskal Herrian egiten ari den apustua berresteko. Klubak zuzentzen duen erronka historiko honi hiru probintzietako hamaika klub gehitu zaizkio jada. Azkena, hain zuzen ere, Baionako Croisés taldea izan da, Udaletxean bertan sinatu den hamar denboraldiko kontratuarekin. Bertako alkateak, Jean-René Etchegarayk, ateak zabal-zabalik utzi dizkio Athletici, futbol talde batek inoiz inguruko taldeekin egin duen apusturik handienarekin bat eginez: "Athletic eskertu nahi dugu bi erkidegoak elkartzeko konfiantzagatik. Akordioa finantzaketatik haratago doa, promesa gazteak prestatzeko ezinbestekoa den metodologia partekatzeko laguntza da. Kluben arteko trukea ez ezik, Baionako eta Iparraldeko futbolarentzat aukera paregabea ematen duen lankidetza kulturala ere bada ".

Athletic Cluben Baionara eraman duen espedizioak dena esaten du. Jose Angel Iribar mitikoa buru zutela, Jon Uriarte presidentea eta beste bi zuzendari, Nerea Ortiz eta Xabi Alvarez, Mikel Gonzalez Futboleko zuzendaria eta Jon Berasategi Athleticeko zuzendari nagusia bertaratu dira. Ehundik gora pertsona gerturatu dira udaletxera, horien Athleticek Ipar Euskal Herrian hitzartuta dituen klub guztietako jokalarien ordezkariak. Hau guztia ezinezkoa izango zen Oscar Coca, Sylvain de Weerdt eta Alex Pollet arduradunen lanik gabe. Cocak Lezamatik koordinatzen du proiektua, eta besteek Iparralden luzatzen dute lana. 

"Gure familiaren parte zaretela sentitzea nahi dugu", adierazi du Jon Uriartek bere hitzaldian. Athleticek mende hasieran egin zituen lehen harremanak Ipar Euskal Herriko klubekin: "Gure hitzarmenak zertaz, nola eta norekin egingo ditugun pentsatzea ideia askozaz sakonagoa da. Ez ditugu futbolariak bakarrik atzematen eta hezten, munduan filosofia bakarra duen klub baten balioak dituzten pertsonak ere bai". 

"14 hilabete igaro ditugu lanean, eta eskerrak eman besterik ezin dugu egin, bai eszenatoki honetan kokatu gaituzuen profesionalei, baita jokalari eta familiei ere, eta esan nahi dizuegu Lezama zuen zerbitzura dagoela beti. Athleticen arrakasta zuena ere da eta espero dut egunen batean harro egotea Iparraldean sortu eta San Mamesen lehen taldearekin debuta egin duen lehoiarekin. Ametsak bete egiten dira. Eta Athletic da horretan gehien ematen duen kluba", adierazi du Uriartek.

Athleticek Ipar Euskal Herrian dituen hitzartutako hamaika klubek oroimenezko kamiseta bat eraman dute: JA Biarritz, Hiriburuko Ainhara, Arbona FC, Elan Boucalais, Ardanavy FC, St Pée Union Club, Kanboko Izarra, AS Bidache FC, SA Mauleonais, FC Garazi eta Croisés Bayonne dira. Guztien artean 4.000 jokalari kontrolpean izatera eta heztera pasa da Athletic, aurretik 1.200 jokalarietara igaro da.

Athleticek hiru prestakuntza-zentro ditu Iparralden: Biarritzen (emakumezkoena), Maulen, Hiriburun eta Kanbon laugarren bat jarriko da laster. Hiru esparrutan egiten du lan Athleticek bertan: kirolean, gizartean eta negozioan. Euskal Non League Day-n hamar klubek parte hartu zuten, AC Campus bat egin da jada Biarritzen, AC Fundazioak liburuak eman dizkie Iparraldeko gure futbolariei eta gure lehoiek iaz irabazitako Kopa erakutsi zen bertako klubetako batzuetan, mila pertsona baino gehiago batuz.