
Manolo Delgado Meco, 50 urteko abangoardia eta pasio zuri-gorria
Manolo Delgado Meco, 50 urteko abangoardia eta pasio zuri-gorria
Prestatzaile fisiko historikoak 80 egin berri ditu eta horrekin batera bost hamarkada igaro dira 1975eko abuztuan Athleticera iritsi zenetik
Piru Gainzaren eta José Ignacio Zarza erakundearen kudeatzailearen deiari erantzunez, Manolo Delgado Mecok 1975eko abuztuaren 1ean Athletic Clubeko prestatzaile fisikoa izateko kontratua sinatu zuen. Hasiera batean, 10 hilabeterako akordioa erdietsi zuen soilik eta klubean aitzindari bilakatu zen. Aurreneko hizketaldiak urtebete lehenago eman ziren, Athleticek antolatutako aditu talde bateko partaide izan ostean. Baina, garai hartan, Delgado Mecok CD Teneriferen prestaketa fisikoa zuzentzen zuen. Behin Bilbora etorrita, bere etxera, eta bost hamarkada igarota,
ezinezkoa da Athleticen historia modernoa kontatzea Manolo Delgado Meco aipatu gabe.
1945eko uztailaren 7an jaio zen Alcázar de San Juan herrian (Mantxa), eta goiz besarkatu zuen futbolarekiko grina, atezain gisa, Alcázar CF taldean, Real Madrid CFren beheko mailetan, Calvo Sotelo de Puertollano CFn, Manchego FCn, Boetticher y Navarro-n eta, azkenik, Talavera CFn. Aldi berean, Delgado Meco garaiko INEFen bidea ireki zuen gazteetako bat izan zen, Jose Maria Cagigalen eskutik, prestakuntza fisikoa garatzeko prestakuntza-eredu berri bat asmatu baitzuen. Izan ere, ordura arte, diziplina hori debekatutako esparrua zen, militar eta falangistentzat izan ezik. Hastapenetatik,
Delgado Mecok moldeak hautsi zituen.
Gorputz Hezkuntzan lizentziaduna eta "Entrenamenduaren Teoria eta Praktika" irakasgaiko irakaslea, 1972an RCD Mallorcarekin sinatu zuen eta, handik gutxira, CD Tenerifek fitxatu zuen. Uharteko taldean bi denboraldi egin ondoren, erakundea eraldatu eta modernizatu zenean iritsi zen Athleticera. Horren erakusgarri izan ziren Lezamako instalazioak abian jartzea, Koldo Agirre, Iñaki Saez, Txutxi Aranguren eta Javier Clementek gorpuztutako entrenatzaileen belaunaldi berria, «Itzulera operazioa» izenekoaren fitxaketak, laurogeiko hamarkadako tituluak lortuko zituzten harrobiko talentuen bilakaera eta prestakuntza fisikoaren abangoardian kokatzea, Manolo Delgado Mecok asmatutako sistema berritzaile baten bidez. Dena, Piru Gainza handiak bultzatu eta monitorizatuta.
Jokalarien prestakuntza fisikoaren eredua erabat aldatu zuen, Koldo Agirrerekin batera ekintza teknikoak gorputz ariketetan integratzeko formula bilatuz. Gaztelumendiren magalera egindako irteerak, Lezamako instalazioak egokitzea, material berriak erostea, atezainek ere parte hartzen zuten jarduerak gorpuztea, Super 8 kamera zaharretan grabatutako saioak, kronometroetan erregistratutako denborak eta Lezamako ekipo guztien prestakuntza guztia planifikatzen zituzten plantillak. Aitzindari gisa, Frantziako «Endurance» -aren iturrietatik edaten zuen, eta bere errepertorioan ahalik eta berrikuntza gehien sartzen ahalegindu zen beti.
Azken 50 urte hauetan, Rafa Iriondo, Koldo Agirre, Helmut Senekowitsch, Iñaki Saez (hiru etapa), Javier Clemente (hiru etapa), Jose Angel Iribar, Howard Kendall, Txetxu Rojo (bi etapa), Txutxi Aranguren, Jupp Heynckes (bi etapa), Jabo Irureta, Jose Mari Amorrortu (bi etapa), Dragoslav Stepanovic, Luis Fernandez, Ernesto Valverde, Jose Luis Mendilibar eta Jose Manuel Esnal «Mané» bezalako teknikariekin lan egin du talde zuri-gorrian. Era berean, Felix Sarriugarte eta Joaquin Caparros zuri-gorrien aulkian egon ziren bitartean, iraupen luzeko lesioak dituzten jokalariak berregokitu eta berreskuratu ditu. Halaber, Rafa Alkortaren garaian kirol zuzendaritzako aholkulari moduan aritu zen. Prestatzaile fisiko gisa La Ligako bi titulu ditu (1983 eta 1984), Kopako bat (1984) eta Superkopako beste bat (1984), 1977an UEFAko finalista izateaz gain. Kirol zuzendaritzako kide bezala, 2021eko Superkopa atxiki zuen baita. Espainiako selekzioaren lan fisikoa zuzendu zuen 1986, 1990, 1994 eta 1998ko munduko txapelketetan edo 1988, 1996 eta 2004ko Europako txapelketetan, Miguel Muñoz, Luis Suarez, Vicente Miera, Javier Clemente eta Iñaki Saez teknikarien aginduetara lan eginez. Euskal selekzioaren hainbat deialditan, 1998 eta 2019 urteak bitarte, paper hori bete du baita.
Manolo Delgado Mecori buruz hitz egitea Athletici buruz berba egitea da, eta alderantziz. Gaur egun, Klubean jarraitzen du, alderdi sozialari lotuta, ekitaldietan presentzia handia izaten segitzen du, eta peña zuri-gorriek antolatutako jardueretara sarri joaten da. Bere altxorren zati handi bat AC Museoan aurki daiteke, Euskal Herriaz maiteminduta dagoen mantxako gizon unibertsal honen ondare eta esker onaren zati gisa. 1990ean Alcázar de San Juanen seme kuttun izendatu zuten, Athleticeko lehen taldeak parte hartu zuen ekitaldi batean, Kirol Kontseilu Gorenaren (CSD) brontzezko domina jaso zuen eta Areetako Betiko Ikastolaren sortzailea izan zen. "Burua, bihotza eta kemena" leloa bandera bidez daraman gizon polifazetiko baten biografiaren ohore ugarien artean daude denak.
Zorionak Manolo, zu zara nagusia!