Athletic Clubek Yerayren giza akatsa deitoratu du eta babes osoa eman dio

Athletic Clubek Yerayren giza akatsa deitoratu du eta babes osoa eman dio

Jokalariak mezu bat argitaratu du sare sozialetan alopeziaren aurkako tratamenduan egindako akats batek UEFAren kontrol batean emaitza positiboa eragin zuela azaltzeko

Yeray Alvarezek ohar hau argitaratu du gaur arratsaldean Instagrameko bere kontu pertsonalean:

Duela aste batzuk jakinarazi zidaten positibo eman nuela UEFAk egindako dopinaren aurkako kontrol batean, Manchester Uniteden aurkako Europa Ligako finalerdietako joaneko partidaren ostean. Albiste hori jasotzea oso kolpe gogorra izan zen, eta benetan, ezin nuen sinetsi, sekula ez baitut substantzia debekaturik kontsumitu.

Gaixotasuna gainditu nuenetik, urteak daramatzat alopeziaren aurkako tratamendu bat jarraitzen, eta, kasua aztertu ondoren, egiaztatu dugu positiboa ilearen erorktearen aurkako prebentzioan nahi gabe hartutako substantzia debekatu batek eragin zuela. 

Diziplina-prozedura instrukzio-fasean dago gaur egun, eta konfidentzialtasun osoa du; beraz, behin-behinean etenda nago, eta ez dut adierazpen publiko gehigarririk egiteko baimenik.

Zuei guztioi esan nahi dizuet asko sentitzen dudala egoera hau, baina, Klubaren laguntzarekin, nire defentsan lanean ari naizela, ahalik eta lasterren zelaietara itzuli ahal izateko asmoz.

Prozesua amaitutakoan, behar diren azalpen guztiak eskainiko ditut.

Eskerrak eman nahi dizkiot Athletic Clubi hasiera-hasieratik emandako babesagatik eta justizian eta kirol erakundeetan dudan konfidantza berretsi nahi dut. 

Aupa Athletic!
Yeray Álvarez

Yerayk berak adierazi duen bezala, prozedura instrukzio-fasean eta konfidentzialtasunari lotuta dago, eta, beraz, Klubak ez du gai horri buruzko adierazpen publiko gehigarririk egiteko baimenik. 
Prozesua amaitutakoan, Yeray Alvarezek eta Athletic Clubek beharrezko azalpen guztiak eskainiko dituzte. 

Athletic Clubek erabateko babesa adierazi nahi dio Yeray Alvarezi eta erabateko konfiantza du auzia konpontzeko ardura duten organoengan.