
Robert Navarro: "Nire lanarekin eta umiltasunarekin laguntzera nator"
Robert Navarro: "Nire lanarekin eta umiltasunarekin laguntzera nator"
San Mamesen ofizialki aurkeztuta, "aldakortasuna eta kalitatea" emango dizkio eraso zuri-gorriari
"Athleticera iristea aurrerapauso handia da nire ibilbidean. Oso proiektu garrantzitsua da, eta nire aletxoa emateko gogoz eta ilusioz nator. Hasiera-hasieratik eman zitzaidan konfiantza funtsezkoa izan da". Robert Navarro Athletic Clubeko jokalari berri gisa aurkezteko prentsaurreko ofizialean agertu zen komunikabideen aurrean. Nafarrak, aldakortasuna izanda bere bertuterik nabarmenetakoa, lanean lanean hasi nahi du jada: "Nire lanarekin eta umiltasunarekin lagundu nahi dut, beti egin dudan moduan. Gogotsu nago lan egiteko eta transmititu dizkidaten gauza on guztiak berdegunean itzuli nahi ditut".
Maila gorenean aritua eta munduko futboleko harrobiak ezagutzen dituena, Navarro prest dago exijentzia handiko jauzia egiteko: "Orain plantillan dauden jokalari askorekin bat egin dut eta ezagutzen ditut. Bi hegaletan eta erdipuntan joka dezaket. Ona da niretzat eta entrenatzaileak non kokatu aukeratu ahal izateko. Hiru postuetan eroso nago eta jartzen naizen tokian ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz".
Fitxaketa zuri-gorriarekin batera, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez futbol zuzendaria izan dira. Biek uste dute Ollokiko jokalaria ekartzeak talentua gehituko diola taldeari: "Aurkariek gero eta gutxiago uzten digute korrika egiten eta tarte eta leku gutxiago ematen dizkigute. Testuinguru horretan, Robert bikaina da eta oso azkarra. Falta zitzaigun pieza bat dela uste dugu, maila handiko puzzlea beste pieza bikain batekin osatu dugu".