
Javi Lerga: "Ibilbide honetaz asko gozatuko dugu"
Javi Lerga: "Ibilbide honetaz asko gozatuko dugu"
Entrenatzaile zuri-gorri berriak aitortu du Athleticera iristea "aurrerapauso garrantzitsua" dela berarentzat "klub honek dakarren guztiagatik"
Javi Lergak komunikabideen galderak erantzun ditu lehen aldiz Athletic Clubera iritsi ondoren. Entrenatzaile zuri-gorri berria pozik agertu da etapa berri honi ekiteagatik: "Klub honek eta Athleticen emakumezkoen futbol proiektuak dakarten guztiagatik, aurrerapauso garrantzitsua da niretzat. Ilusio handia dut eta pozarren nago. Orain arte beste egitura mota batzuetan aritu naiz. Azken urteetan gauzak oso ondo egiten ari den klub finkatu batera nator. Badakigu nora gatozen. Oso klub berezia da, bakarra, eta oso filosofia bereizgarria du. Espektatibak handiak dira, maila guztietan oso ondo ari delako lanean. Kluba ahal duen guztia jartzen ari da baliabiderik onenak eskura izan ditzagun, denbora batez egiten ari da, emakumezkoen futbolaren aldeko apustu argia eta irmoa dago. Beraz, orain guri dagokigu lan egitea".
Nafarra 19 urtez azpiko Europako txapelketa irabaztetik dator, Espainiako selekzioa zuzenduz, eta orain beste abentura ezberdin bat hasiko du Bilbon: "Urte dezente daramatzat entrenatzen, eta egunerokotasunera itzultzeko gogo hori sentitzen nuen. Oso testuinguru desberdinak dira. Taldean dauden jokalari asko selekzio egituretatik pasa dira eta, zentzu horretan, beraiek ezagutzeak dena errazagoa egingo duela uste dut. Talde oso batu bat aurkitu dut. Urte askoan jarraitu izan dut, hala egokitu zaidalako. Oso talde konprometitua eta osasuntsua da, eta uste dut hori balio diferentziala dela ingurune honetan. Kide izateko sentimendu handia duten jokalariak dira. Klubeko azpiegiturak eta giza baliabideak lehiaketako onenetakoak dira. Badira hainbat osagai ibilbide honetaz asko gozatuko dugula pentsarazten digutenak. Pribilegioa eta ohorea da hemen egotea".
Bere lehen inpresioei buruz galdetuta, Lergak aukera asko dituen talde bat duela adierazi du: "Azken urteotan oso ondo egiten ari da bloke oso gazte batekin, eta lehiakor izanda, erakutsi du zer egiteko gai den. Iraiak eta Davidek aurretik egin duten lanaren oinarri sendoa dugula uste dut, eta gauza onak aprobetxatzen eta gure ñabardura ematen saiatuko gara. Aste hauek elkar hobeto ezagutzeko eta piezak engranatzeko izango dira. Gure taldeak bizia izan behar du etengabe erasotzen saiatzeko eta baloiarekin protagonista izateko. Nahiko talde moldakorra gara, jokalari balioaniztunekin, eta testuinguru desberdinetara egokitu gaitezke".
Aurkezpen-ekitaldian Xabi Arrieta Klubeko emakumezkoen futboleko zuzendaria izan du alboan, eta honela deskribatu du aulki zuri-gorriko arduradun berria: "Eskarmentu handiko entrenatzailea da, bai errendimenduko futbolean, bai prestakuntzakoan. Gizonezkoen zein emakumezkoen mailan aritu da, eta, gainera, oso ondo ezagutzen ditu taldeko jokalariak eta gainerako taldeetakoak, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Horregatik, argi geneukan pertsona egokia zela hainbat denboraldiz daramagun hazkunde-prozesu honekin jarraitzeko".
Erlazionatutako entrenatzaileak
