Josean Lekue: “Jokalari guztiak eskuragarri daude"

Josean Lekue: “Jokalari guztiak eskuragarri daude"

Athletic Clubeko zerbitzu medikuen buruak lehen taldeko futbolarien egoera fisikoa aztertu du

Josean Lekue, Athletic Clubeko zerbitzu medikoen burua, komunikabideen aurrean agertu da jokalarien egoera fisikoaren balantze orokorra egiteko. Horri dagokionez, doktoreak oso pozik jaso du taldeak gozatu ahal izan duen atsedenaldia: "Jokalari guztiak eskuragarri egotea eta euren lanbidea egitea eragozten dien arazorik ez izatea oso garrantzitsua da. Jokalari guztiek gainditu dute dagokien gaitasun-proba eta denboraldiaurrerako prest daude. Oporraldia beste lehiaketa batzuen interferentziarik gabekoa izan denez, atsedenaldi eta denboraldiaurre nahiko normala izango da. Beraz, inolako zalantzarik gabe, aprobetxatu beharko dugun abantaila da".
 


Talde zuri-gorriko lehen taldeko jokalariek jasan zituzten lesioei buruz, Josean Lekuek berriro errepika ez daitezen lan egiteko modua azaldu du: "Gai hauei ikuspegi orokor batetik heldu ohi diegu. Gure lanaren zati garrantzitsu bat da gure jokalariek biltzen dituzten arrisku-faktoreak aztertu eta horien gainean jarduten saiatzea. Horietako bakoitzaren aurrekariak aztertzen ditugu, eta horrek hainbat neurri hartzera behartzen gaitu egingo ditugun maila desberdinetako esku-hartzeak behar bezala zehazten joateko. Edozein egoera aurreratzen saiatuko gara, lehenbailehen konpontzeko".

Iaz bezalaxe, datorrena ere oso urte gogorra izango da, baina klub zuri-gorriko zerbitzu medikoak baikor agertu dira maila goreneko denboraldiari aurre egiteko dituzten ebidentzia eta informazioekin: "Iazkoa bezala, aurtengoa ere oso denboraldi zorrotza izango da lehiari eta partiden zamari dagokionez. Zenbakiak berrikusita, guk garrantzi handia ematen diogu erabilgarritasunaren kontzeptuari. Denboraldi honetan, talde osoaren prestasun orokorra handia izan da, eta informazioa aztertuta, erregistrorik altuena 2014-15 denboraldian izan zen, Txapeldunen Liga jokatu genuen azken denboraldian, eta partida kopuru oso altua ere egon zen. Beraz, erreferentzia hurbilak ditugu, zuhur jokatzera behartzen gaituztenak eta, aldi berean, baikorrak izatera bultzatzen gaituztenak".