
Nico Williamsek sinadura jarri dio Athleticekin duen lotura sendoari
Nico Williamsek sinadura jarri dio Athleticekin duen lotura sendoari
Hegaleko jokalari karismatikoak 2035era arteko akordioa sinatu du San Mamesen, "nire bizitzako klubean historia egiten jarraitzeko" ideiarekin
Nico Williamsek historia egiten jarraitu nahi du Athletic Clubekin eta gaur 2035era talde zuri-gorriarekin lotzen duen akordioa sinatu du San Mamesen. Lehen taldeko kontraturik luzeena du Nicok, aurretik sinatuta zuen akordioa zortzi urtez luzatuz. Gaur eguerdian egin da ekitaldia, Jon Uriarte presidentearekin, Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusiarekin eta Iñaki Williams anaia eta kapitainarekin batera. Bere ama ere, Maria Arthuer, Athletic Clubeko 125. urteurreneko enbaxadorea, eta bere lagunak ere ezin ziren falta, opari eta guzti. Familia zuri-gorria zorioneko dago.
Gure klubean inoiz nazioartean proiekzio handiena izan duen futbolariaren kontratu berritzeak,bultzada handia eman dio kirol proiektuari. Iñakiren bideari jarraituz, 2019an 2028ra arte luzatu baitzuen bere lortura, anaia txikiaren jarraipena autoestimu kolpe bat da Athleticentzat ilusioz betetako denboraldi honetan, hamaika denboraldi geroago Txapeldunen Ligara itzuliko baita, bi futbolariek estreinakoz jokatuko duten lehiaketa.
Nico pozarren agertu da, oso irribarretsu, Athletic WIN (Williams, Iñaki eta Nico) oso presente egon den ekitaldian, Athletic Clubeko AC lerroko kamiseta berri batekin, WIN kontzeptuan inspiratua eta beste klub batzuen proposamen indartsuen aurrean talde zuri-gorriaren ereduaren garaipena islatzen duena. Eguneko protagonistak honako hau nabarmendu du: "Anbizio handiko tituluak ditugu jokoan, Txapeldunen Liga, esaterako. Zer hobeto nire bizitzako klubarekin lehiatzea baino. Gustatuko litzaidake San Mamesen historia egiten jarraitzea, gure zaleekin eta nire familiarekin batera".
Bere anaia Iñakiri ere eskerrak eman dizkio: "Biok beti amets egin dugu momentu honekin, nire anaia erreferente bat da mundu guztiarentzat eta batez ere niretzat. Kapitaina izateko onena dela uste dut, denbora luzez besoarekin ikusteko irrikitan nago".
Bukatzeko, Nikok mezu bat helarazi dio familia zuri-gorriari: "Espero dut ahalik eta ondoen erantzutea nigan eman didaten guztiari, nire jokoarekin harmailetan gozaraztea. Hau ere beraientzat da, beti sentitu dut maitasun handia nirekiko, oso harro nago daukagun zalegoarekin".
Erlazionatutako jokalariak
