"Ea hobeak izan gaitezkeen"

"Ea hobeak izan gaitezkeen"

Ernesto Valverdek egonkortasunaren eta lanaren garrantzia azpimarratu du iazko emaitza onak errepikatzeko eta “Championsen erronkarekin are zorrotzagoa izango den” denboraldi bati aurre egiteko

Ernesto Valverdek hedabideen aurrean hitz egin du, entrenamenduetara itzuli ondoren egin duen lehen agerraldian. Lehoiak denboraldi-aurrean murgilduta dauden honetan, entrenatzaile zuri-gorriak ilusioz baina exijentziaz beteriko beste denboraldi bati egingo dio aurre: "Hasierako posizioan jarri gara berriz, irabazteko behar berdinarekin. Zaila da eta ondo prestatu behar gara. Iazkoari jarraipena eman nahi diogu, LaLigan lortutako emaitza onekin —gure helburu nagusia izaten jarraitzen du— eta Europan lehiatzen jarraitu, aurten Championsen erronka handia baitugu. Ilusioa badugu, noski", adierazi du.

Lehia ofizialaren hasierara egoera onenean iritsi nahi du entrenatzaileak, eta horretarako maila handiko aurkarien aurkako lagunarteko exijenteak antolatu ditu Athletic Clubek: "Maila handiko taldeak dira, eta gure aurka jokatu nahi dute. Ongi etorriko zaigu gure burua neurtzeko eta non gauden ikusteko".

Talde zuri-gorriak ia berritasunik gabe egin dio aurre denboraldi berriari, Klubaren filosofiaren ildotik: "Ditugun gauza onenetako bat egonkortasun handia da, beste talde batzuetan ez dena hain ohikoa; aldaketa asko egoten dira gainontzeko klubetan, gurean, ordea, ondo ezagutzen dugu elkar eta horrek aukera ematen digu aurretik landutakoetara itzuli gabe beste alderdi batzuetan sakontzeko. Ikusiko dugu ea hobeak izan gaitezkeen ditugun jokalariekin".

Denboraldiko helburuei dagokienez, Valverdek nabarmendu hazten jarraitzeko beharrari helduta ekingo diela: "Ea Europako sailkapena errepikatu dezakegun. Horretarako lan egin eta gogor bultzatu behar dugu. Gure bertuteak indartzen saiatuko gara eta beste alderdi batzuk hobetzen".