Euskal Herritik Boisera: Athleticek 2025eko Jaialdian parte hartuko du

Euskal Herritik Boisera: Athleticek 2025eko Jaialdian parte hartuko du

Klubeko ordezkaritza bat, Nerea Ortiz presidenteordea, Johana Ruiz-Olabuenaga Gizarte Arloko zuzendaria eta Eneko Boveda Lezamako zuzendaria buru direla, Idahora joan da euskal diasporarekin harremanak lotzeko. Ekitaldien egitarauaren pizgarrien artean, Athleticeko emakumezkoen kadeteak Boise Indie Chicas taldearen aurka jokatuko duen “Bizkaia Munduan Txapelketa” trofeoko partida dago

Athletic Clubeko ordezkaritza osoa Boisen dago jada, euskal diasporarekin batera 2025eko Jaialdi tradizionala ospatzeko. Joan den larunbatean, uztailaren 26an, kadete talde zuri-gorriko jokalariak Idahora heldu ziren, eta astearte honetan bertan Nerea Ortiz Klubeko presidenteordea, Johana Ruiz-Olabuenaga Gizarte Arloko zuzendaria eta Eneko Boveda Lezamako zuzendaria buru dituen ordezkaritza instituzionala iritsi da.

Aurretik, egun pozgarriak izango dituzte zain. 2025eko Jaialdia aurten uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean ospatuko da eta, aurreko edizioetan bezala –lehenengoa 1987an izan zen–, Boiseko komunitatearen euskal sustraien oroitzapena da.

Athletic Clubek ezin dio muzin egin euskal diasporarentzat hain garrantzitsua den hitzorduari. Oroimenean dago gizonezkoen lehen taldeak Boisen Club Tijuana Xoloitzuintles-en aurka 2015eko uztailean jokatu zuen partida. Lehenago, 2014an, Erika Vaquez, Iraia Iturregi, Ainhoa Tirapu eta Jone Guarrotxena zuri-gorriek Idaho bisitatu zuten, eta, oraingoan, kadete mailako taldeak hartu du lekukoa, eta, gainera, 2024ko irailean Indie Chicas-ek Lezamara egindako bisita bueltatuko du. Lehoi gazteen egonaldia diasporako familiekin izango da Boisen eta euskal kulturarekiko lotura bizirik mantentzearen garrantzia ezagutuko dute bertatik bertara. Kirol jardueren artean, Athletic Clubek eta Indie Chicas taldeak bihar asteazkenean jokatuko duten "Bizkaia Munduan Txapelketa" trofeoaren partida da aipagarriena.

Bestalde, ordezkaritza instituzionalak, 2025eko Jaialdiaren harrera ofizialean parte hartzeaz gain eta Athleticeko Peña Boiserekin biltzeaz gain, Boise State Universityk antolatutako mahai-inguru batean parte hartuko du Zortziak Bat biltzarraren barruan, eta euskal nortasuna eta diasporaren papera izango dira gai nagusiak.

Athletic Club Fundazioaren liburua

Azkenik, azpimarratu behar da Xabi Payak, Onintze Enbeitiak eta Nerea Ibarzabalek liburu txiki bat idatziko dutela kadete talde zuri-gorriak Boisen izango duen esperientzia kontatuz, eta kontakizun hori, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Athletic Club Fundazioak laster argitaratuko duela, bere kultur ekimenen barruan.

Johana Ruiz-Olabuenagaz gain, Fundazioko patroietako bat den Xabier Madariaga ere badago Boisen.