"Garaipenean sinestea da gakoa"

"Garaipenean sinestea da gakoa"

Lehoiek FC Barcelona hartuko dute bihar San Mamesen (12:00etan) eta Javi Lergak bere taldeak "estualdietan maila eusten jakin beharko duela" adierazi du

24 ordu baino gutxiago falta dira Katedralak bihar F Ligako bigarren jardunaldia hartzeko. Athletic Clubek, joan den asteburuan Lezaman berdindu ondoren, ilusio osoz heldu dio egutegian gorriz markatutako hitzorduari, izan ere, FC Barcelonak, 2020az geroztik sailkapenean nagusi denak, San Mames bisitatuko du.

ATHLETIC CLUB - FC BARCELONA PARTIDARAKO SARRERAK

Javi Lerga lehen aldiz eseriko da San Mameseko aulkian: "Futbol arratsalde asko eman ditut bertan eta badakit Bilboko eta Bizkaiko jende guztiarentzat suposatzen duena. Niretzat harrotasun handia da. Badakigu futbola oso modu pasionalean bizi dela hemen". Gainera, Tafallakoa pozik dago denboraldiaurrean lesionatuta egon diren jokalariak berreskuratu dituztelako. "Behar genuen zerbait da", adierazi du.

Dena irabazteko gai duen aurkaria 

Arerioari dagokionez, Lergak badaki zaila dela "munduko talderik onenetako bat" hartzea. Hiru puntuak lortzeko gakoari buruz galdetuta, teknikari zuri-gorriak argi hitz egin du: "Gure buruarengan sinetsi behar dugu". Aurreikusten duen partidari dagokionez, entrenatzaile zuri-gorriak lehoiek sufrituko duten uneak iragarri ditu, baina "eusten jakiten eta burua hotz izanda, aukerak izango ditugu, futboleko argudioak ditugulako eta haiek ere euren ahulguneak dituztelako".

Aurrean, FC Barcelona, Europako txapeldunordea eta nazioarteko jokalariz betea, Aitana eta Alexia barne, Urrezko Baloiaren azken bi irabazleak: "Ez dut uste aurtengo taldea ahulagoa denik. Dena irabazteko gai dira. Egia da taldea egokitu behar izan duela eta motzagoa dela, eta horrek zigortu egin ditzake lesioak izaterakoan, baina potentzial handia du", esan du hasierako jardunaldian Alhama 8-0 garaitu zuen taldeari buruz.

Azkenik, Javi Lergak zale zuri-gorriak futbol-zelaira "athleticzale guztientzat den plan on" batez gozatzera animatu ditu: "Partidak motibazio handia dauka guretzat eta asko esan nahi du jendea gu animatzera etortzea".