Jamie Carragher, Liverpool FC taldearen mitoa, 2025eko One Club Man saria

Jamie Carragher, Liverpool FC taldearen mitoa, 2025eko One Club Man saria

Merseysideko futbolaria 17 denboraldiz aritu zen talde ingelesean eta 2005ean Txapeldunen Ligako eta 2001ean UEFA Kopako txapeldun izan zen

Liverpool FC taldeko Jamie Carragherren izar ohiak 2025eko One-Club Man saria jaso du Athletic Cluben eskutik. Defentsa ingelesak 17 urteko ibilbidea bete zuen, 1996 eta 2013 artean, Anfieldeko taldearen elastikoa gorria defendatuz.

Carragherrek bere saria jasoko du San Mamesen, Athletic Clubek eta Girona FCk La Liga EA Sports-eko 6. jardunaldian jokatuko duten partidaren atarian. Oraindik eguna eta ordua zehazteke dituen partida irailaren 23an, 24an edo 25ean jokatuko da. Bertan, atzelari ingeles mitikoak zale zuri-gorrien aitortza jasoko du.

Bere izena aurretik Athletic Clubek emandako garaikurra jaso duten beste izen handiekin osatutako zerrendara batuko da: Matthew Le Tissier (Southampton FC, 2015), Paolo Maldini (AC Milan, 2016), Sepp Maier (Bayern München, 2017), Carles Puyol (FC Bartzelona, 2018), Billy McNeill (Celtic FC, 2019), Ryan Giggs (Manchester United, 2020), Ricardo Bochini (Club Atlético Independiente, 2022), João Pinto (FC Porto, 2023) eta Giuseppe Bergomi (FC Internazionale de Milan, 2024).

Liverpool FCren historian partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da Carragher, 737 norgehiagokarekin, Ian Callaghamek bakarrik gaindituta. Bootleko jokalariaren atzetik, Steven Gerrard, Ray Clemence, Emlyn Hughes, Ian Rush, Phil Neal, Tommy Smith, Bruce Grobbelaar eta Alan Hansen bezalako ikonoak agertzen dira.

Bere garaiko erdiko atzelaririk onenetakoa izan zen, bai Premier League-n bai Europako panorama osoan ere. Horren lekuko da 150 partida jokatu zituela UEFAko txapelketetan, txapelketa kontinentaletan presentzia gehien duen futbolari ingelesa bilakatuz. Bere ibilbidean zehar Txapeldunen Liga bat (2005), UEFA kopa bat (2001), bi Europako Superkopa (2001 eta 2005) eta bi FA Cup (2001 eta 2006) irabazi zituen.

Liverpool FC taldera egindako lan bikainari esker, Ingalaterrako selekzioarekin 38 aldiz jokatzeko aukera izan zuen, John Terry edo Rio Ferdinand bezalako zentral mitikoekin hamaikakoan postu bat lortzeko borroka sutsuan. 2006ko eta 2010eko Munduko Txapelketetarako deitu zuten, baita 2004ko Eurokoparako ere. Aipatzekoa da Jamie Carragher ere 2002ko Munduko Koparako Sven-Göran Erikssonek osatu zuen deialdian izango zela, ebakuntza egitera behartu zuen belauneko lesioa pairatu izan ez balu.

Iragan abuztuaren 4an Anfielden Liverpool FCk eta Athletic Clubek jokatutako arteko lagunarteko norgehiagoka bikoitza baino ordu batzuk lehenago, Jamie Carragher Athletic Clubekin bildu zen One-Club Man Award sariaz zein bere ibilbide oparoaz hitz egiteko.

"Txapeldunen Ligan lortutako garaipenaren ondoren, one-club bat izatea nire ibilbideko arrakastarik handiena da". Bere hitzetan, "ohore handi bat izan zen Athletic Club nirekin harremanetan jarri zenean. Athletic erakunde errespetatua da futbolaren mundu osoan: klub zinez bakarra da".

Sariaren berri izanda, "ohore handia da aitortza hau jasotzea eta nire izena beste futbolari handi batzuekin batera ikustea, Paolo Maldini edo Carles Puyol bezalako atzelariekin kasu".

 

Carragherrek sakoneko hausnarketa batekin laburbildu ditu bere sentsazioak: "Liverpool FC taldean jokatzen hasi bezain laster jakin nuen one-club man bat izatea bilatu behar nuela. Jendeak "zein taldetan jokatu zenuen?" galdetu eta "Liverpoolen" erantzun ahal izatea gustatzen zait. Beste inon ez, gure taldean jokalari gisa aritu zen beste zale bat izan nintzen soilik".


Benetako "scouse" bat

1978ko urtarrilaren 28an jaioa, Bootle udalerrian hazi zen, langile izaera nabarmena duen herria, Merseyside konderrian kokatua eta Liverpool City Region bezala ezagutzen den eremuko parte. Jatorriak bere "scouse" izaera eta nortasuna markatu ditu, eta Carragherrek harrotasun handiarekin eramaten du. Berau, gainera, faktore erabakigarria izan zen Anfieldeko zaleen maitasuna bereganatzeko.

Bootle, tradizioz, Evertonen jarraitzaile gehienak biltzen dituen tokia izan da, eta Carragher bera toffeeen zale sutsua izan zen haurtzaroan, talde evertoniarraren laurogeiko hamarkadako garaipenekin gozatzeraino. Goodison Parkeko taldea Howard Kendallek zuzentzen zuen garai hartan, Athletic Clubera etorri aurretik.

Sunday League-n¡ko Merton Villa taldean eman zituen bere lehen urratsak eta, paradoxikoki, aurrelari bezala aritzen zen. 1988an, Carragher Liverpool FCren Bikaintasun Eskolan sartu zen eta hurrengo denboraldia Evertonen harrobian eman zuen, berriz ere Red taldera itzultzeko. Horrela, Jamie Carragherrek toffeeak behin betiko atzean utzi zituen eskubide osoko red batean bihurtzeko, betierekos izango den harreman estu bati hasiera emanez.

Pixkanaka-pixkanaka, klubeko beheko mailetan, zelaian betetzen zuen posizioa atzeratzen joan zen eta 1994-1995 denboraldian Liverpool FCren bigarren taldearekin debutatu zuen. Kanpaina berean, Michael Owenekin batera, gazte mailako FA Youth Cup txapelketa irabazi zuen taldea gidatu zuen, finalean Rio Ferdinand edo Frank Lampard bezalako talentudun jokalariak zituen West Ham United garaitu ondoren. Lehiaketa horretan hasi zen Carragher defentsa gisako sona.

Bere lehen kontratu profesionala 1996ko urrian sinatu zuen eta hiru hilabete geroago elitean debutatzea lortu zuen. Ligako Kopako final-laurdenetako partida izan zen, Middlesbrough FC taldearen aurka, Roy Evans entrenatzailearen eskutik, Rob Jones taldekidea eskuin hegalean ordezkatuz. Egun batzuk geroago, Anfielden, bere lehen partida jokatu zuen Premier League-n eta, astebete geroago, Aston Villaren aurka etxean baita bere lehen gola sartu zuen. 

Bere talde-izpirituagatik eta izaera sakrifikatuagatik goraipatua, bere ibilbidearen lehen urteetan defentsaren posizio guztietan jardun zuen, eta batzuetan eusteko erdilari gisa aritzeko ere eskatu zioten.

Partida gehienak ezker hegaleko atzelari moduan jokatuz, Carragher jokalari nabarmena izan zen Liverpoolek 2001ean Gérard Houllier entrenatzaile frantziarraren zuzendaritzapean lortutako hirukoan (League Cup, FA Cup eta UEFA Kopa). Europako txapelketan, gorriek 5-4 gainditu zuen Deportivo Alaves Dortmunden lehiatutako final gogoangarri batean.


Istanbulgo miraria

2002 eta 2004 artean, futbolari ingelesaren progresioa eten egin zen, Carragherrek pairatutako bi lesio larrien ondorioz. Horrek, besteak beste, 2002ko munduko txapelketan parte hartzea eragotzi zion. Hala ere, bere erresilientzia eta tinkotasunaren adierazle, Carragher hamaikakoetara indartsu itzuli zen Rafa Benitez madrildarra Liverpool FCko aulkitxora iritsi ondoren. Erdiko atzelari bikote aparta osatu zuen Sami Hyypia finlandiarrarekin batera, Anfieldeko taldeari 2005ean UEFA Champions Leagueko finalera ailegatzen laguntzeko errendimendu bikaina emanez.

Istanbulen lehiatutako hitzorduan, Merseysideko ekipoak historiako finalik gogoangarrienetako bat irabazi zuen. Steven Gerrard eta Jamie Carragher hiriko gazteak buru zirela, Liverpool FC taldeak "never-say-die" ("inoiz ez amore eman") dioen lelo «scouse» ospetsua muturreraino eraman zuen. Gorriek izugarrizko kemena erakutsitu zuten amildegiaren ertzean zeudenean, zutitu eta partidari buelta emateko.

AC Milan, nazioarteko izarrez betetako talde ospetsua, 3-0 irabazten ari zen atsedenaldian eta analista zein zale gehienek Rafa Benitezen taldearen aukerak bukatutzat ematen zituzten. Baina, zelaira itzultzean, ezinezkoa zirudiena errealitate bilakatu zen, Steven Gerrardek aldeak murriztu zituen 54. minutuan eta, ondoren, Vlamidir Smicer txekiarraren eta Xabi Alonso euskal erdilari bikainaren golek lehia berdindu zuten.

Norgehiagoka joan-etorriko partida batean bihurtu zen eta bi taldeak garaipenaren bila joan ziren. Liverpoolen aldetik, Gerrard zen erasoen liderra, eta defentsan, berriz, Jamie Carragher gotorleku menderaezin bilakatu zen. Arazo fisikoak pairatu arren, Kaká brasildarraren jaurtiketa arriskutsu bat blokeatu ahal izan zuen ingelesen atetik gertu eta Andriy Shevchenko ukrainarraren lasterketa bizkor bat moztu zuen area ertzean.

Azkenean, 3-3 berdinketarekin, lehia penaltietan erabaki zen, eta ingelesek 2-3 irabazi zuten. Atezain gorriak, Jerzy Dudek poloniarrak, Bruce Grobbelaarrek 1984ko finalean AS Roma taldearen aurka egindako "spaghetti legs" delako keinua emulatu zuen bere hankekin eta Liverpool Europako txapeldun izendatu zen berriro. Merseysideko bi talentu gazteek adierazi zuten moduan: "ez gintuztela inoiz garaitu". 

Athletic Clubi egindako adierazpenetan, Carragherrek adierazi zuen 2005eko Txapeldunen Ligako garaipena "beti izango dela nire ibilbideko lorpenik handiena", are gehiago "hiriko jokalaria izanda eta jendearen bizitzan horrelako garaipen batek zer nolako eragina duen jakinda".

Urtebete geroago, amaiera kitzikagarria izan zuen beste final batean parte hartu zuen, kasu honetan FA Cup-ekoa West Ham United taldearen aurka Wembleyko estadioan. Partida ez zen ondo hasi Carragherrentzat, bere autogol batek hammerak aurreratu baitzituen. Londreseko taldea nagusi izan zen 3-1eko emaitzarekin, baina Reds-ek berriro ere egoera iraultzea lortu zuten. Steven Gerrardek luzapenean sartutako gol batek berdinketa ezarri zuen eta, penaltietan, Liverpoolek garaikurra eskuratu zuen. 

Zorte gutxiago izan zuten 2007an, Atenasen, Txapeldunen Ligako finala AC Milanen aurka 2-1 galdu zutenean. Partida honek, nolabait, bi urte lehenago Istanbulen gertatutakoaren errebantxa moduko bat suposatu zuen.

Carragher 2013-2014 denboraldiaren amaieran utzi zuen futbola. Bere hitzetan, "pribilegio eta ohore handia" izan zen "bederatzi urte nituenetik klub handi horren ordezkari izatea". Anfielden jokatu zuen azken partidaren aurretik, Ian Callaghanek eta Steven Gerrardek garaikur bat eman zioten bere ibilbideaga omentzeko eta zaletuek sekulako txalo zaparrada eskaini zioten 87. minutuan zelaitik irtetean. 

Selekzio mailan, 38 aldiz izan zen internazionala Ingalaterrako elastikoarekin. 1999an debutatu zuen eta 2010ean three lions-en ikurra duen taldetik erretiratu zen. Garai hartan, futbol ingelesaren "golden generation" gisa bataiatu zen jokalari gazteen multzoko kide izan zen. Erdiko defentsa postuan maila bikaina izan zuen belaunaldia: Sol Campbell, Rio Ferdinand, John Terry, Ledley King, Jonathan Woodgate edo Matthew Upton bezalako atzelarien pixkanakako agerpenarekin.


Erretiroa eta lan solidarioa

Botak eskegi ondoren, berehala Sky Sports UK kateko analisten talde ospetsura batu zen, Gary Neville, Manchester Unitedeko kapitain ohia eta Red Devilseko one-club man-arekin, ondoan dupla mediatiko bat garatuz.

Horrekin batera, Sky Sports-eko "The Overlap" podcast ezagunaren aurkezlea da. Bertan, egungo futbolarekin lotutako hainbat gai jorratzen dituzte etaaipatutako Carragher eta Nevilleren parte hartzeaz gaindi, baita Ian Wright, Jill Scott eta Roy Keane bezalako izar ohiak ere saioko parte dira. Era berean, CBS Sports kateak AEBrako Txapeldunen Ligari ematen dion estalduraren figuretako bat da: aurkezle lanak egiten ditu Kate Scottekin batera eta euren saioa Micah Richards eta Thierry Henryren analisiak biltzen ditu.

2009an, Jamiek eta bere familiak «23 Foundation» delakoa sortu zuten, eta, 2010ean, milioi bat libera eman zizkioten ongintzako erakundeari beren finantza-oinarri sendoa ziurtatzeko, interesak izaera solidarioa duten kausei laguntzeko erabiliz.

«23 Foundation» Liverpool inguruko haurrei laguntzeko asmoz eratu zen, bizi-aukera hobeak eskaintzeko helburuarekin, tokiko ongintzako erakundeekin, komunitateekin eta futbol-klubekin lankidetzan arituz. Harrezkero, futbola mundu osoko haur behartsuen bizitza hobetzeko tresna sozial gisa erabiltzen duen erakunde globala bihurtu da.