Valverde: "Laporte fitxaketa garrantzitsua da guretzat"

Valverde: "Laporte fitxaketa garrantzitsua da guretzat"

Ernesto Valverdek agerraldia egin du Alavesen aurkako partidaren atarian

Ernesto Valverdek bere jokalari berria izan du hizpide larunbat honetan Alavesen aurka San Mamesen jokatu behar duen partidaren atariko prentsaurrekoan. "Fitxaketa garrantzitsua da guretzat, nazioarte mailako jokalaria, hemen, Cityn eta Espainiako selekzioan egon zenean erakutsi zuen bezala. Asko espero dugu harengandik. Athleticekin inplikazio handia duela erakutsi du. Yerayren bajaren ondoren gauden egoeran, garrantzitsua zen jokalari bat etortzea eta maila horretakoa bada, askoz hobeto. Lau urte eduki ditut nirekin hemen, eta badakit zer ahalmen duen", adierazi du.

Aurkariari dagokionez, "Alaves ondo hasi da, baloia izan du eta aukerak sortu ditu. Baloiaren jabetzaren bidez hazten saiatuko den taldea da, bere espirituari eutsiz. Guretzat pizgarri asko dituen partida da biharkoa, hirutik hiru garaipen daramatzagu, etxean laugarren bat lortzeko aukerarekin, gure zaleekin".

Hurrengo lau jardunaldietan aulkitik kanpo mantenduko duen zigorrari dagokionez, Valverdek onartu du "ez zait batere gustatzen partida harmailetatik ikusi behar izatea, ez da erosoa niretzat, baina gauzak horrela dira. Zigorra onartu behar da eta kito".