
Laporte: “Nire nahi bakarra Athelticera itzultzea zen”
Laporte: “Nire nahi bakarra Athelticera itzultzea zen”
Jokalari zuri-gorri berria ilusioz gainezka agertu da Bilbora itzuli delako
Aymeric Laportek Katedraleko belarra zapaldu du berriro eta baita San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoa ere. Bertan argi utzi du Valverderen taldera itzuli nahi izan duela beti: "Merkatu honetan nuen nahi bakarra Athleticera itzultzea zen. Klub askok, kopuru handiak medio, fitxatu nahi ninduten, baina nik hemen jokatu nahi nuen".
Bere etorreraren prozesuaz ere hitz egin du: "Oso luzea izan da. Azkarragoa izatea nahi nuen, baina azkenean ondo amaitu da. Eskerrak eman nahi dizkiet mundu guztiari, Zuzendaritzari, ni hemen nagoelako lan egin duten guztiei. Oso pozik nago".
Eta Deportivo Alavesen aurkako partidaren amaieran, Laportek San Mameseko berdegunea berriro zapaltzeko aukera izan du. Zaleekin batera ikusi du norgehiagoka, eta duela urte batzuetako sentsazioak berreskuratu ditu: "Harmailetan nengoela eta ereserkia entzunda oilo-larrua jartzen zaizu, sentsazio paregabea da, Lezamara joan nintzenean berriro sentitu nuen nire haurtzaroko usain hori. Zelaian sartzean, jendearen babesa sentitu dut".
Azkenik, %100ean ahalik eta lasterren egotea espero du, baina oraindik sentsazioak berreskuratu behar ditu: "Fisikoki oso ondo ikusten dut neure burua, baina hori zelaian frogatzen da. Ahalik eta gehien estutuko naiz, taldeari eta zaleei poz handiak emateko".
Aymeric Laporte, erabat hunkituta
Prentsaurrekoa amaitu aurretik, Aymericek mezu bat bidali nahi izan die prozesu guzti honetan lagundu duten pertsona guztiei, gaur Athleticen egon ahal izateko. Bihotzetik atera zitzaion mezu bat: "Eskerrak eman nahi dizkiet Jon Berasategiri, Kepari, Karlosi, nire emazteari eta bi seme-alabari... eta jende asko utziko ditut bidean. RFEF-ri, Presidenteari eta Luis de la Fuenteri... prozesuan lagundu duten guztiei".