
Iñaki Williams: “Hemen egotea ametsa da eta ahal den gehien luzatu nahi dugu”
Iñaki Williams: “Hemen egotea ametsa da eta ahal den gehien luzatu nahi dugu”
Athleticeko aurrelariak Ernesto Valverderekin batera hitz egin du Arsenalen aurkako Champions Leagueko estreinaldiaren atarian
Athletic Clubek astearte honetan San Mamesen azken urteetako partidarik desiratuenetako bat jokatuko du: taldearen itzulera Champions Leaguera. Aurrean izango dute Arsenal FC, “txapelketa irabazteko faboritoetako bat”, bai kapitain zuri-gorriak, Iñaki Williamsek, bai entrenatzaileak, Ernesto Valverdek, adierazi dutenez.
“Urteetan borrokatu dugu bihar egongo garen tokian egoteko eta ametsa ahal den gehien luzatzen ahaleginduko gara", adierazi du aurrelariak, londresekoak aurrean izateak duen zailtasunaz jabetuta: “Talde handienetako baten aurka jokatuko dugu, barkatzen ez duten horietakoa. Gure aukerak oso ondo aprobetxatu behar ditugu. San Mameseko partidetan beti izaten ditugu gure abaguneak eta gakoa hauek aprobetxatzea izango da”.
Maila pertsonalean, aurrelariak azpimarratu du Championseko lehen partida jokatzeak ilusio handia eragiten diola: “Laportek eta Yuri izan ezik, taldeko inork ez du txapelketa hau jokatu. Niretzat ametsa da eta taldeari golekin lagundu nahi diot. Orain arte ez dut asmatu, baina uste dut aukerak edukitzea ona dela, golak sartzera hurbiltzen zaituelako".
Taldearen anbizioari buruz, Iñakik hau gaineratu du: “Ez dugu beldurrik. Ahalik eta urrunen iristeko asmoa dugu. Badakigu zaila dela, baina gauzak poliki eta ondo egin ditzakegu".
Azkenik, Williamsek mezu bat bidali nahi izan die zaleei: “Zailtasun uneetan gurekin jarrai dezatela, guk dena emango dugulako. Talde solidarioa gara, aurkarientzat deserosoa, eta ziur nago Champions honetan gauza handiak egin ditzakegula”.
Valverde: “Championsen ez du inork ezer gordetzen”
Athleticeko entrenatzaileak, Ernesto Valverdek, partidaren atariko sentsazioak partekatu ditu ere: “Ilusio handia egiten digu txapelketa hau jokatzeak, nazioartean klub mailako garrantzitsuena baita. Taldeek ez dute ezer gordetzen, dena ematen dute. Arsenal guztiz kontzentratuta dago partida honetan. Championsa irabazteko faboritoetako bat da, bai bere maila tekniko eta taktikoagatik, bai Artetak txertatu duen irabazlearen espirituagatik. Esperientzia honek hobeak izaten eta hobeto lehiatzen lagundu behar digu”, adierazi du.
Partidari begira, Valverdek argi utzi du: “Oso zehatz jokatu eta aukerak aprobetxatu behar dituzu. Haiek ez dute ezer barkatzen”.
Entrenatzaileak zale zuri-gorrien motibazioa nabarmendu du ere: “Gure jendea oso motibatuta etorriko da. Championsen hasiera da eta maila handiko aurkari baten aurka jokatuko dugu, Bilbon gogoko dugun horietako baten aurka”.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Arsenal FC

