Jamie Carragher: "Nire ibilbideko lorpen handiena One Club Man izatea da"

Jamie Carragher: "Nire ibilbideko lorpen handiena One Club Man izatea da"

Liverpool bezalako mundu mailako klub batean lortu dituen kirol arrakastak alde batera utzita, Carragher oso harro dago belastiko bakarra defendatu duelako, eta hori "bat dator Athleticek duen tradizioarekin"

Jamie Carragher, Liverpool FC taldeko atzelari mitikoa eta One Club Man 2025, Athletic Clubeko hedabide ofizialetan sari ospetsu hau jasotzeak zer dakarren hausnartu du. Joelle Murrayk, One Club Woman 2025 saria jaso duen Hibernian FC taldeko ikonoak, ezin izan du ekitaldian parte hartu, Europako hainbat aireportutan izandako zibereraso batek sortutako arazo logistikoak direla eta. Hala ere, bihar San Mamesen izango da bere saria jasotzeko, lehoiek Girona FC taldearen aurka jokatuko duten partidaren atarian.

Igor San Roman Zuzendaritza Batzordeko kideak eman dio ongietorria Carragherri, erakunde zuri-gorriaren izenean, ekitaldiaren hasieran: "Athletic Club ez da balorerik gabe ulertzen. 1898tik eredu bakarra defendatzen du munduan. Sari honek zer garen islatzen du. Jamiek sariaren oinarri diren balio eta printzipioak % 100ean ordezkatzen ditu, eta 127 urteko historian haiek sustatzea lortu dugu: klub batekiko leialtasuna, kolore batzuekiko fideltasuna eta, batez ere, ordezkatzen duen komunitatearekiko fideltasuna. Honela, mezu batek irauten du: leialtasuna ez da hil. Hori da gure jokalariek azpimarratzea nahi dugun mezua".

Red atzelari ohia pozarren agertu da One Club Man 2025 bezala aukeratua izan delako: "Oso berezia izan zen nire ibilbide osoan Liverpoolen jokatzea. Oso gazterik hasi nintzen, 18 urterekin, eta hori zen nire helburua. Futbolari bakoitzak historia eta ibilbide desberdinak ditu. Askok bidaia zoragarriak dituzte, klub askorentzat jokatzen dute eta hainbat herrialdetan bizitzen dira. Hala ere, toki bakar batean jokatu duzula esatea zoragarria da eta bat dator Athletic Cluben tradizioarekin. One Club Man izatea baino are garrantzitsuagoa da balio hauek partekatzea, beraz, niretzat ohorea da eta oso harro sentitzen naiz".

Carragher Liverpoolekoa da jatorriz, eta bi klubek dituzten antzekotasunak azpimarratu ditu: "Zure hiriko klubarentzat jokatzen sentitzen den emozioa ikaragarria da, Athleticeko jokalariek sentitzen dutena bezalakoa. Futbola bizitza da Liverpoolen eta hemen Bilbon, eta horregatik da berezia bien arteko lotura. Jende askok hitz egiten du irabazi genituen Europako finalei buruz. Oso partida ospetsuak dira, eta oso harro nago jendeak ezagutzen dituelako. Hala ere, nire ibilbideari begiratzen diodanean, nire lorpenik handiena One Club Man izatea dela sentitzen dut, batez ere Liverpoolen handitasuneko klub batean. Oso jokalari gutxik esan dezakete hori. Futbola bezalako taldeko kirol batean, uste dut ez garaikur ez domina bakar batek ere ez duela hori baino balio handiagorik".