Thinking Football Film Festival 2025 aurkeztu da

Thinking Football Film Festival 2025 aurkeztu da

Athletic Club Fundazioaren Nazioarteko Zinema Jaialdiaren XIII. edizioak 11 film, 2 film ertain eta 4 film labur proiektatuko ditu Sala BBK Aretoan urriaren 6tik 12ra bitartean, eta Peter Reid, Sammy Lee eta Honey Thaljieh futbol-ospetsuak izango dira bertan

Athletic Club Fundazioak Thinking Football Film Festival jaialdiaren XIII. edizioaren programazioa aurkeztu du Sala BBK Aretoan. Zazpi egun (urriaren 6tik 12ra) izango dira, eta bertan, 6 herrialdetako 11 film, 2 film ertain eta 4 film labur proiektatuko dira gai anitz eta interesgarriekin. Gainera, "Saipan", inauguraziorako aukeratutako filma, lehen aldiz ikusi ahal izango da Europan Thinking Football jaialdian, Torontoko lehiaketan arrakasta handiz ezagutzera eman ondoren.

Aurten jaialdira etorri eta proiekzioen osteko solasaldietan parte hartuko duten gonbidatu berezien artean, Erresuma Batuko futboleko bi pertsona ospetsu nabarmentzen dira: Peter Reid eta Sammy Lee. Haiekin batera, 125. urteurreneko enbaxadorea, Honey Thaljieh palestinarra, eta zinema munduko hainbat kide, hala nola Andy Wells, Rob Sloman, Samri Gunn, Freidys Bjanadottir, Samuel Ab, Jack Thornton, Gerard Oms, Martin Fradkin eta George Dowell, baita Rachel Ramsay, James Erskine eta Ella Pham ere, iazko Publikoaren Saria irabazi zuen "Copa 71" filmaren ordezkari gisa.

Jaialdiaren XIII. edizio honen aurkezpena Johana Ruiz-Olabuenaga Athletic Clubeko Gizarte Arloko zuzendariak, Galder Reguera Athletic Club Fundazioko estrategia zuzendariak eta Koldo Bilbao BBKko Kultura koordinatzaileak egin dute.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Thinking webguneak edizio honen xehetasun guztiak biltzen ditu, baita beste atal batzuk ere, adibidez, jaialdiaren aurreko edizioak edo palmaresa.

Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da HEMEN bide digitalaren bidez erreserbatzea.

Astelehena 6: "Saipan" (19:00), Irlanda eta Erresuma Batua, 2025, estreinaldia Europan

Gure jaialdian Europan aurkezten den film luze honek Roy Keane jokalari izarraren eta Mick McCarthy entrenatzailearen arteko hausturaren atzean dagoen benetako drama kontatzen du, 2002ko Munduko Koparen bezperan. "Saipan" ego, leialtasun eta identitate istorio bat da, eta kirolaren mundua gainditzen du.

BBK Aretoan izango dira Lisa Barros D 'Sa eta Glenn Leyburn, "Saipan"-eko zuzendariak.

Asteartea 7: "Copa 71" (11:00), "Stuck On You: The Football Sticker Story" + "Greenland: Venezia" (18:00) eta "Two Tribes" (20:00)

"Stuck On You: The Football Sticker Story" dokumentalak futboleko kromoen atzean dagoen historia eta kultura liluragarria aztertzen ditu.
Iaz izandako harrera onaren ondoren, edizio honetan Greenland telesailaren atal berri bat aurkeztuko dugu. Kapitulu berriak Veneziaren begirada inspiratzailea eta bisualki liluragarria eskaintzen du, futbola ez ezik, kulturaren, historiaren eta kirolaren arteko harmonia ere ospatzera gonbidatuz, oso ohikoa ez den agertoki xarmagarri batean.

Eguneko ekitaldirik nagusiena 20:00etan iritsiko da, "Two Tribes" proiekzioarekin. Film honek hiriko bi futbol taldeen (Liverpool eta Everton) une gorenen eta Liverpoolen gainbehera sozioekonomikoaren arteko dikotomia aztertzen du, futbola eta politika hain lotuta dauden hirian.

BBK Aretoan izango dira Peter Reid, Everton ordezkatuz, eta Sammy Lee, Liverpool-ekoa, futbol britainiarreko bi jokalari ohi handi.

Azkenik, azpimarratzekoa da jaialdiak ikastetxeei eskainitako goizeko bi emanaldi berezietako lehena eskainiko duela astearte honetan. Zehazki, iazko Publikoaren Saria irabazi zuen "Copa 71" filma proiektatuko da, genero berdintasunari eta emakumezkoen futbolari buruz hausnartzeko oso egokia.

Asteazkena 8: "Howard's Way" (19:00), Howard Kendall gogoratuz Joseba Aguirre, Peio Uralde eta Patxi Alonsorekin

Dokumental hunkigarri honek, aurretik Thinking-en eman zena, Evertonen historia kontatzen du, baita 1980ko hamarkadan Howard Kendallen zuzendaritzapean bere gorenera nola iritsi zen ere.

Horretarako, Peter Reid-ekin (Kendall-en Evertoneko kapitaina), eta Joseba Agirre eta Peio Uralderekin (Athletic Clubeko jokalari ohiak) solasaldi berezia antolatu du jaialdiak, Patxi Alonso kazetariak moderatuta.

Osteguna 9: "Kickoff" (18:00) eta "The Home Game" (20:00)

Kirgizistango herri txiki batean, non tradizio kontserbadoreek emakumeak etxeko esparrura baztertzen dituzten, Gazik ezarritakoa haustea erabaki du, emakumezkoen futbol txapelketa bat antolatuz. "Kickoff"-en arabera, joko soil batek egitura errotuak zalantzan jar ditzake, eskubideak aldarrikatu eta aldaketarako bideak zabaldu.

"The Home Game" Islandiako dokumental maitagarria da, eta herri txiki bateko talde bati jarraitzen dio, etxean partida ofizial bakarra jokatzeko abenturan. Thinking-era sari garrantzitsuekin iristen den filma da, hala nola Malmöko edo Glasgowko zinemaldietako ikusleen sariak, edo Islandiako urteko dokumental onenaren saria Klapptréko irakurleen eskutik.

Ostirala 10: "Tigrar"-en emanaldi berezia Osasun Mentalaren Munduko Egunean eta "Muy Lejos" (20:00), Mario Casas-ekin

Ostirala ikastetxeentzako bigarren emanaldi bereziarekin hasiko da. Osasun Mentalaren Munduko Eguna dela eta, "Tigrar" proiektatuko da, Thinking Football 2022ko publikoaren sariaren irabazlea.

20:00etan, "Muy lejos" filma proiektatuko da Sala BBK Aretoan. Gerard Oms da filmaren zuzendaria, eta Mario Casas du protagonista. Sergioren istorioa kontatzen du filmak. Bere familiarekin Utrechtera doa futbol partida batera. Bartzelonara itzultzeko hegaldia hartu aurretik, antsietate-eraso bat du eta Holandan geratzea erabakitzen du. Bere gertukoei azalpen koherente bat eman ezinik, iraganarekiko kontaktua mozten du.

Larunbata 11: "One, Two, Three, Viva Algeria!" (18:00) eta hiru film labur 20:00etan

Asteburua "One, Two, Three, Viva Algeria!" pelikula frantziarraren proiekzioarekin hasiko da. Izenburuak Aljeriako futbolaren historiaren eta Frantzia eta Aljeriaren arteko harremanaren eslogan banaezin bati egiten dio erreferentzia. Dokumentalak lelo horren historia kontatzen du. Lelo hori Aljeriako FLNren taldearekin jaio zen Independentzia Gerran, eta 2010eko Munduko Txapelketan Aljeriako balentriaren oihartzuna izan zuen berriro. 2019an, estadioetatik atera eta aldaketarako deia egin zuen.

20:00etan, hiru film labur proiektatuko dira: "Girls Move Mountains", "My very own footballer!" eta "Nola jokatu zuten kosakoek futbolean". Proiekzioen ondoren, Honey Thaljieh 125eko enbaxadoreak hartuko du parte solasaldian.

Igandea 12: "Love Lane" (18:00) eta "The Club That George Built"-ekin amaiera (20:00)

"Love Lane" filmak Bennyren istorioa kontatzen du. Lana galdu eta bere lagunik onenaren emigrazioa ikusita, Sunday Leagueko bat-bateko futbol taldea osatzen du iraganari eusteko. Erabaki horrek maitasun kaotikoa sortzen du bere pisukidearekin.

“The Club That George Built” filmaren proiekzioarekin agurtuko du Thinking-ak bere XIII. edizioa. Bizitza aldatu zion istripu baten ondoren, George Dowellek bere asmoa egia bihurtuko du kluba eta bere haurtzaroko taldea, Worthing FC, eraldatu eta gero. Filmak Georgeren lehen pertsonako testigantza dokumentatzen du, desgaitasun batekin bizitzea nolakoa den azaltzen duena, bere klubaren igoeraren alde egiten duen bitartean.

Protagonista Sala BBK Aretoan izango da filma jaialdiaren itxiera ekitaldian aurkezteko.