2025eko Ohiko Batzar Nagusirako deialdia

2025eko Ohiko Batzar Nagusirako deialdia

Athletic Clubeko Zuzendaritza Batzordeak Athletic Clubeko bazkide konpromisarioak Ohiko Batzar Nagusira deitu ditu. Batzarra 2025eko urriaren 30ean, osteguna, izango da, 18:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditorioan

Athletic Clubeko Zuzendaritza-Batzordeak dei egiten die Athletic Clubeko bazkide konpromisarioei 2025eko urriaren 30ean (osteguna), 18:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditorioan egingo den Ohiko Batzar Nagusian parte har dezaten, lehenengo deialdian eta, hala badagokio, leku berean eta 18:15ean, bigarren deialdian, honako honen arabera:

GAI ZERRENDA

Lehenengoa: Zuzendaritza-Batzordeak aurreko ekitaldi ekonomikoan egindako kudeaketa aztertzea eta, hala badagokio, onartzea.

Bigarrena: Aurreko ekitaldi ekonomikoaren Urteko Kontuak aztertzea eta, hala badagokio, onartzea.

Hirugarrena: Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak baliozkotutako aurrekontua aztertzea eta, hala badagokio, onartzea.

Laugarrena: Estatutuetako 23.3 artikuluaren arabera Konpromisarioen Batzarrerako deia egin ondoren aurkezten diren bazkideen proposamenak aztertzea eta, hala badagokio, onartzea.

Bosgarrena: Galde-eskeak.

 

Bazkideei honako alderdi hauen berri ematen zaie:

Lehenengoa: Estatutuetako 32.4 artikuluan ezarritako dokumentazioa eskuragarri izango dute bazkideek deialdiaren egunetik bertatik.

Dokumentazio hori eskuragarri egongo da, euskaraz zein gaztelaniaz, formatu digitalean, Klubaren web orriko Bazkideen Txokoan (www.athletic-club.eus) eta, kopia fisikoan, egoitza sozialean eta Bazkideentzako Arreta Bulegoan, Batzar honen deialdia egiten den unetik.
 

Bigarrena: Estatutuetako 32.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bazkide konpromisarioek Gai-zerrendako gaiei buruz beharrezkotzat jotzen dituzten argibideak edo azalpenak eskatu ahal izango dituzte, idatziz, Batzarraren aurretik edo batzarra egiten den bitartean. Eskubide hori Klubari zuzendutako jakinarazpenaren bidez edo Klubaren web orrialdeko (www.athletic-club.eus) Bazkideen Txokoan horretarako ezarri den sistemaren bidez baliatu ahal izango da.

Zuzendaritza-Batzordea behartuta egongo da eskatutako informazioa edo argibideak ematera, salbu eta, bere iritziz, eskatutako datuen kaleratzeak Klubaren gizarte- eta kirol-interesei kalte egiten badie edo datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legeria urratzen badu. Ukatze hori Konpromisarioen Batzarraren aurrean arrazoitu beharko da. Ukapena botoen gehiengo soilez ezeztatu ahal izango da, gutxienez konpromisarioen % hogeiaren (20) eskariz, salbu eta izaera pertsonaleko datuen babesaren arloan indarrean dagoen legeriaren aurka egiten badu.

Bazkidearen eskubidea adierazitako moduan erabilita ezin bada bete Konpromisarioen Batzarrean, Zuzendaritza-Batzordeak idatziz eman beharko du eskatutako informazioa, Batzarra amaitu eta hurrengo zazpi (7) egun naturalen barruan.
 

Hirugarrena: Estatutuen 13.2.q) artikuluan ezarritakoaren arabera, bazkideek, konpromisarioak ez izan arren, Gai-zerrendarekin zerikusia duten galderak egin ahal izango dituzte. Eskubide hori erabili ahal izango da, Klubari zuzendutako jakinarazpenaren bidez edo Klubaren web orrialdeko (www.athletic-club.eus) Bazkideen Txokoan horretarako ezarri den atalaren bidez, Batzarra egin baino hamabost egun lehenago arte (2025eko urriaren 15a). Eskubide horretaz baliatzeari emango den erantzuna aurreko paragrafoan xedatutakoari egokituko zaio.
 

Laugarrena: Gai-zerrendako Laugarren puntuaren ondorioetarako, Batzarreko kideen ehuneko hamar (%10) edo bazkide osoen ehuneko bi (%2) ordezkatzen duten konpromisarioek Zuzendaritza-Batzordearen ekimenez erabakitako deialdiaren osagarri bat argitaratzeko eskatu ahal izango dute, hasierako Gai-zerrendan puntu bat edo gehiago gehituz. Hasierako Gai-zerrendako puntuei gehitzeko eskaera Estatutuen 23.3 artikuluaren arabera egin beharko da. Eskubide hori Klubari zuzendutako jakinarazpenaren bidez edo Klubaren web orrialdeko (www.athletic-club.eus) Bazkideen Txokoan ezarri den atalaren bidez baliatu ahal izango da. Atal horren bidez, Estatutuetan eskatzen diren eskabideekiko atxikimenduak egin ahal izango dira.
 

Bosgarrena: Konpromisarioen Batzarra, osorik edo zati batean, Osoko Biltzar bihurtzea, bozkatzeko gai jakin batzuk bertara igorriz, Estatutuen 23.2 artikuluan aurreikusitako moduan egin ahal izango da. Eskubide hori Batzarra hasi aurretik baliatu ahal izango da, Klubari zuzendutako jakinarazpenaren bidez edo Klubaren web orrialdeko (www.athletic-club.eus) Bazkideen Txokoan ezarri den atalaren bidez. Atal horren bidez, Estatutuek eskatzen dituzten atxikipenak egin ahal izango dira.
 

Seigarrena: Bazkide konpromisarioak telematikoki, urrutitik edo aurrez aurre bertara daitezke batzarrera:

  • Urrutitik bertaratzea: bertaratuen identitatea eta bazkide-eskubideak behar bezala baliatzen direla bermatzeko, urrutitik Batzarrera telematikoki bertaratu nahi duten konpromisarioak aldez aurretik erregistratu beharko dira Klubaren web orrialdeko Bazkideen Txokoan (www.athletic-club.eus) edo Bazkideentzako Arreta Bulegoan, 2025eko urriaren 20ko 12:00ak arte.
    Ezarritako epea amaitu ondoren, ez da inolako erregistrorik onartuko bertaratze- eta boto-eskubidea telematikoki baliatzeko.
    Erregistroa egin ondoren, konpromisarioak Batzarraren aurretik jasoko ditu erabiltzaile/gako kredentzialak edo antzekoak bere helbide elektronikoan. Era berean, erregistroa egin ondoren, ezingo da botoa aurrez aurre eman. Urrutitik Batzarrera telematikoki bertaratzeko erregistroak berekin ekarriko du botoa aurrez aurre emateari berariaz uko egitea eta atzeraezina izango da.
  • Aurrez aurreko bertaratzea: Batzarrera modu telematikoan bertaratzeko eta botoa emateko erregistratu ez diren bazkide konpromisarioak batzarrera bertaratu ahal izango dira eta botoa eman ahal izango dute. 

Ohiko Batzar Nagusira bertaratzeko txartel elektronikoa jasoko dute Klubaren erregistroetan agertzen den helbide elektronikoan. Klubaren web orrialdeko (www.athletic-club.eus) Bazkideen Txokoan gaituko den atalean ere deskarga dezakete eta/edo Bazkideentzako Arreta Bulegoan eskatu.

Batzarra egiten den esparrura sartzeko, eta bazkide-eskubideak erabili ahal izateko, bertaratze-txartel elektronikoa aurkeztu beharko dute, eta NANarekin, pasaportearekin, gidabaimenarekin edo bazkidearen egiaztagiri elektronikoarekin identifikatu.

 

Zazpigarrena: Estatutuen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, Konpromisarioen Batzarra baliozkotasunez eratuko da, lehenengo deialdian kideen %50 gutxienez bertaratzen badira (aurrez aurre eta urrutitik, bitarteko telematikoen bidez). Bigarren deialdian, nahikoa izango da kideen %20k parte hartzea.
 

Zortzigarrena: Urrutitik Batzarrera telematikoki bertaratzea erabakitzen duten bazkide konpromisarioek ere hitz egin ahal izango dute, plataforma telematikoan gaitutako txataren bidez. Plataforma horretan batzarra jarraitu ahal izango dute: ez da beharrezkoa izango aldez aurretik Klubari inolako jakinarazpenik egitea. Urrutitik bertaratzeko izena eman duten bazkideek esku hartzeko txanda eskatu ahal izango dute, eta, Batzarra egiten den bitartean, idatzizko galderak egin ahal izango dute, plataforma telematiko berean prestatutako txat sistemaren bidez.
 

Bederatzigarrena: Estatutuen 31.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, Gai-zerrendako puntu bakoitzari buruzko esku-hartze guztiak amaitu ondoren egingo dira bozketak. Batzarraren garapena arintzeko, Gai-zerrendako puntu batzuei buruzko bozketak taldekatu ahal izango dira. Kasu horretan, Gai-zerrendako puntu guztiak bereizita azalduko dira, esku-hartze guztiak egingo dira eta bozketa-aldia zabalduko da, puntuak bata bestearen atzetik eta bereizita bozkatzeko.

Bozketa aurrez aurrekoa edo urrutikoa izango da (telematikoki), eta beti isilpekoa. Ahal dela, botoa emateko, Klubak emandako gailu interaktiboak erabiliko dira Batzarrera bertaratzen diren konpromisarioen kasuan, botoak hautestontzietan sartzeko sistema tradizionalaren ordez (nahiz eta bi sistemak baliozkoak izan). Batzarrera bertaratzen diren konpromisario guztiek sistema berari jarraituz emango dute botoa.

Gailu interaktiboen bidez bozkatzea aukeratzen bada, Batzarrera bertaratzen diren konpromisarioek Gai-zerrendako puntu bakoitzean bozkatzeko nahikoa denbora izango dute. Urrutiko botoa telematikoki emateko eskubidea baliatzen duten konpromisarioek baino bozketa-aldi luzeagoa izango dute.


Hamargarrena: Erabakiak onartzeko gehiengo soila beharko da, hots, baiezko botoek ezezkoak gainditzen dituztenean. Ondorio horietarako, boto baliogabeak, boto zuriak eta abstentzioak ez dira kontuan hartuko.

 

Hamaikagarrena: Jakinarazten da, halaber, Konpromisarioen Batzarreko zuzendaritzak behar diren neurriak hartuko dituela saioaren garapena arintzeko eta ordu berantiar batean amaitzea saihesteko. Horretarako, Batzarrak hasiera emango dio, lehenengo deialdian, 18:00etan. Era berean, Konpromisarioen Batzarreko zuzendaritzak parte-hartzaileei (bai Zuzendaritza-Batzordeko kideei, bai konpromisarioei) eskatuko die eztabaidagai den gaitik ez aldentzea eta beren iritziak gehiago zehaztea eta laburtzea. Konpromisario bakoitzaren lehen esku-hartzearen iraupena zazpi minutukoa izango da, Erregelamendu Organikoaren 29.6 artikuluaren arabera.

 

Hamabigarrena: Klubaren web orrialdeko Bazkideen Txokoan (www.athletic-club.eus) euren identifikazio datuak eguneratu behar direla gogorarazten zaie konpromisarioei, Klubak bazkide-eskubideak erabiltzeko baliabideak eman diezazkien.

 

Hamahirugarrena: Estatutuetako 19.10 artikuluan ezarritakoaren arabera, bazkide konpromisarioek karguari uko egin ahal izango diote. Era berean, beren izaera galduko dute behar bezala egiaztatutako justifikazio nahikorik gabe bi (2) batzarretan parte hartzen ez badute. Izaera hori galtzea, diziplina-izaerarik ez duena, Hauteskunde-Batzordeak erabakiko du, aldez aurretik entzunaldi-izapidea eginda, eta galera horrek galaraziko du kargua galtzea gertatu eta ondorengo bost (5) urteetan.

 

    

Bilbo, 2025eko irailaren 29a. 
 
Presidentea: Jon Uriarte Uranga jauna.        Idazkaria: Jon Salinas Aguirre jauna.