
Honey Thaljieh: “Eskerrik asko gure ahotsa izateagatik”
Honey Thaljieh: “Eskerrik asko gure ahotsa izateagatik”
Thinking Football Film Festival zinemaldiaren XIII. edizioak gaur agur esango dio, futbola bateratzeko, inspiratzeko eta bizitzak eraldatzeko duen indarra ospatuz
Atzo, Thinking Football Film Festivalak egitarau anitza eskaini zuen, historia, animazioa eta ahalduntze-istorioak uztartzen zituzten saioekin. Programazioan ‘One, Two, Three, Viva Algeria!’ dokumentala nabarmendu zen; filmak FLN taldearen garaitik (Aljeriako independentzia-gerran) 2010eko Munduko Txapelketara arteko ibilbidea kontatzen du, lelo ikoniko hori gizarte-aldaketaren sinbolo bihurtu zen arte. Gainera, hiru film labur proiektatu ziren, eta saioaren amaieran Honey Thaljieh futbolari eta aktibista palestinarraren parte-hartze berezia izan zen.
‘Girls Move Mountains’ filmak Karishma izeneko emakume gazte wakhi baten istorioa kontatu zuen; Karakorum mendietan futbol txapelketa bat antolatzen du, patriarkatuaren arauei aurre eginez eta bere amonaren gidaritzapean genero-berdintasuna sustatuz. Bestalde, ‘My Very Own Footballer!’ filmak Sylvie eta Karimen istorioa dakartza, beren aurrezkiak futbol jokalari nazional bat fitxatzeko ametsari eskaintzen dizkiotenak, eta ‘Cómo los cosacos jugaron al fútbol’ film laburrak 70eko hamarkadako ukrainar animazio klasiko bat berreskuratu zuen, umorez eta abenturaz betea.
Emanaldien ondorengo solasaldian, 125. urteurreneko enbaxadoreak, Honey Thaljiehk, Athleticek bakearen eta giza eskubideen alde eta genozidioaren aurka duen jarreraz hitz egin zuen: “Etxean bezala sentitzen naiz. Bilbo nire bigarren etxea da. Jendeak elkartasuna erakusten dit nonahi. Urriaren 4an Athletic–Mallorca partidan gertatutakoa ez dut sekula ahaztuko, ezta palestinarrek ere. Eskerrik asko gure ahotsa izateagatik”.
‘Girls Move Mountains’ filmari buruz, honakoa adierazi zuen: “Espero dut egunen batean gure eskubideen alde borrokatu beharrik ez izatea eta berdintasunean bizitzea. Film hau munduko emakume askoren istorioa da, baita Europan ere”.
“Futbola magikoa da. Sentimenduak eta pasioak modu berezian mugitzen ditu. Jendearen eta futbolaren arteko lotura izugarria da. Munduko toki askotan futbola zoriontasuna da, itxaropena, batasuna. Zelaian guztiok berdinak garelako. Futbola irabaztea edo galtzea baino askoz gehiago da”, amaitu zuen Honeyk.
Gaur 18:00etan, amaiera berezia: ‘Love Lane’ eta ‘The Club That George Built’
Gaur, igandea, urriaren 12a, XIII. edizioaren azken jardunaldian, Sala BBK-k bi film berezi eskainiko ditu jaialdiari amaiera emateko: ‘Love Lane’ eta ‘The Club That George Built’.
‘Love Lane’-ek Bennyren istorioa kontatzen du; lana galdu ondoren eta bere lagunik onenaren emigrazioaren aurrean, igandeko ligako futbol taldea sortzen du iraganari eusteko. Erabaki horrek bere pisukidearekin harreman nahasi eta erromantiko bat pizten du.
Jaialdiak bere XIII. edizioari amaiera emango dio ‘The Club That George Built’ filmarekin. Istripu batek bizitza aldatu zion George Dowelli bere haurtzaroko Worthing FC kluba eta taldea eraldatzeko grinaz. Film honek Georgeren lehen eskuko lekukotza eskaintzen du, desgaitasunarekin bizitzeaz eta bere klubaren igoeraren aldeko borrokaz. Protagonista bera izango da Sala BBK aretoan, emanaldia aurkezteko.
Thinking Football Film Festival zinemaldiak horrela amaitzen du bere XIII. edizioa, futbola, zinema eta gizarte-gaien arteko topagune gisa duen eginkizuna berretsiz eta futbola kirola baino askoz gehiago dela erakutsiz.