Ezagutu Qarabag FK, Athletic Cluben hurrengo aurkari europarra

Ezagutu Qarabag FK, Athletic Cluben hurrengo aurkari europarra

Zuri-gorriek San Mamesen hartuko dute lehen aldiz Aghdamen jatorria duen talde azerbaijandarra

Lehen bi jardunaldietan Arsenalen eta Borussia Dortmunden aurka galdu ostean, Athletic Clubek puntu-sorta estreinatu nahi du UEFA Champions Leagueko aurtengo edizioan, Qarabag FK taldearen aurka, San Mamesen.

Gure aurkaria Aghdam hirian sortu zen, Karabaj eskualdean, Mehsul izenarekin 1951n. 1969an, taldea ligatik erretiratu zen finantza kudeaketa txar baten ondorioz. 1977an, Shafaq izena hartu zuen. 1982tik 1987ra, «Cooperative Society» izenarekin jokatu zuen. 1987an, klubak Qarabag Futbol Klubu izena jarri zion eta urte horretan bertan Azerbaijango Premier League sortu zuen.

Hasiera batean Imarat estadioan jokatzen bazuen ere, Qarabagek Azerbaijaneko hiriburuan, Bakun, du egoitza, 1993an Nagorno-Karabajeko lehen gerra hasi zenetik. Taldea, hasiera batean, Tofiq Bahramov estadio errepublikanoan lehiatu zen, Bakuko estadio olinpikoarekin batera. Hala ere, Azersun Arenak Qarabag FKren ligako partida gehienak hartu ditu 2015ean eraiki zenetik.

Qarabag da Azerbaijango talde garrantzitsu bakarra, gerrak suntsitutako Nagorno-Karabaj eskualdea ordezkatzen duena.
Klubak Aghdameko antzinako herriaren babes handia du, baita Karabaj ingurutik joandako 500.000 azerbaijandarrena ere. Gainera, duela gutxi lortutako arrakastak direla eta, klubak zaletuen base zabala du orain herrialde osoan. Bere zaletuei Atlılar (Zaldunak), Göy-ağlar (Urdinak eta zuriak) edo Qaçqın Klub (Errefuxiatuen Kluba) ezizenez ezagutzen zaie.

Azerbaijango talderik sarituena da, etxeko 21 titulurekin (12 Liga, 8 Kopa eta Superkopa bat) eta Sobietar Batasuneko txapelketak jokatzen zituen garaiko beste hirurekin.

Halaber, 22 aldiz parte hartu du Europako txapelketetan. 2017an, Txapeldunen Ligako multzoen fasera sailkatu zen historiako lehen talde azerbaijandarra izan zen. 2021/22 denboraldian, Europako txapelketa batean multzoen fasea gainditu zuen lehen talde azerbaijandarra izan zen, bere multzoko bigarren amaituz. Marseillak gainditu zuen kanporaketarako play-offetan. Kontinenteko jardunik onena 2023/24 denboraldian izan zuen, Europa Leagueko final-zortzirenetara iritsi zenean. Bertan, kanporaketako emaitza totalean 4-5 galdu ondoren, Bayer Leverkusenek kanporatu zuen, azkenean txapelketako finalista izan zelarik. Aurten berriz ere Txapeldunen Ligako multzoen fasera iritsi da, Shelbourne, Shkëndija eta Ferencvaros mendean hartuta, eta Benfica (2-3) eta Copenhague (2-0) gainditu ondoren.


 

Neurketaren aurreko adierazpenak

Errepasatu Ernesto Valverdek eta Aitor Paredesek Athletic Club - Qarabag FK partidaren atarian emandako prentsaurrekoa.


Estatistikak

Hau izango da gure lehen partida Qarabag taldearen aurka. Aurretik beste talde azerbaijandar baten aurka jokatu dugu, Inter Baku, 2015/16ko Europa Leagueko kanporaketa batean.
 

Datu interesgarriak
 

  • Qarabagen entrenatzailea: Egungo entrenatzailea Gurban Gurbanov da, 2008tik taldearen buru da eta entrenatzaile azerbaijandar onenetakotzat jotzen da. Aldez aurretik jokalari arrakastatsua izan zen. Aurrelari gisa, Azerbaijan eta Errusiako hainbat taldetan jokatu zuen 1989tik 2006ra. 2006ko urtarriletik 2025eko irailera arte, selekzio azerbaijandarraren golegilerik onena izan zen, 68 partidatan 14 gol sartuta. Qarabageko entrenatzaile bihurtu zenean, garaiko estilotik bereizi zen, atzerritarren ordez bertako jokalariak fitxaketetan zentratuz eta pase laburren jokoa bereganatuz.
     
  • Jokalari aipagarriak: Qarabag nazioarteko talentua bertako jokalariekin konbinatzeagatik da ezaguna, eta bere taldeko jokalari askok Azerbaijango selekzio nazionala ordezkatzen dute. Hurrengo jokalariak selekzio nazionalerako deitu zituzten urriko nazioarteko partidetarako: Shakhruddin Magomedaliyev (atezaina); Elvin Cafarguliyev, Behlul Mustafazade, Abbas Hüseynov (defentsak); Toral Bayramov (erdilaria); Nariman Akhundzade eta Musa Qurbanlı (aurrelariak).

    Bestalde, plantillako atzerritarren artean nabarmentzekoak dira Fabijan Buntic (atezaina, Kroazia), Mateusz Kochalski (atezaina, Polonia); Kevin Medina (defentsa, Colombia), Matheus Silva (defentsa, Brasil), Marko Janković (erdilaria, Montenegro), Emannuel Addai (erdilaria, Ghana), Leandro Andrade (erdilaria, Cabo Verde) eta Abdellah Zoubir (aurrelaria, Frantzia), Qarabaqen historiako bigarren golegile nagusia. Udan, kanpoko errefortzu gehiago sartu ziren, hala nola, Dani Bolt (defentsa, Brasil), Samy Mmaee (defentsa, Maroko), Chriso (erdilaria, Costa de Marfil), Pedro Bicalho (erdilaia, Brasil), Camilo Durán (erdilaria, Colombia), y Joni Montiel (erdilaria, Espainia).


Bitxikeriak

  • Sortu zen hiria, Aghdam, hiri fantasma bat da gaur egun. Azerbaijanek eskualdearen kontrola berreskuratu zuenetik, Gobernuak proiektu garrantzitsu bat jarri du martxan hiria birpopulatzeko.
  • 1992an sortu zenetik egungo Azerbaijango Premier Leaguetik inoiz jaitsi ez diren bi talde sortzaileetako bat da, Neftçi Baku taldearekin batera.
  • Qarabag taldea haustura-ekonomikotik gertu egon zen 2000ko hamarkadaren hasieran, baina Azersun Holdingsek erreskatatu zuen 2001ean, eta horrek berpiztearen katalizatzailea eta futbol azerbaijandarreko nagusitasuna ekarri zion.
  • Tofiq Bahramov estadio errepublikanoak, non Europako partida batzuk jokatzen dituen, 1966ko Ingalaterra eta Alemaniaren arteko Munduko Kopako finala zuzendu zuen eta Geoff Hurst ingelesari gol bat eman zion lerroko epailearen izena darama. Jaurtiketa horrek langa jo zuen eta ateko marran errebotatu zuen, futbolaren historiako "gol mamua" ospetsuenetako bat bihurtuz.
  • Klubaren armarrian agertzen diren zaldiak Karabajeko zaldian inspiratuta daude.

 
Ordutegiak eta Athletic Club-Qarabag FK neurketa non ikusi

Athletic Clubek eta Qarabag FKk Txapeldunen Ligako faseko 3. jardunaldia jokatuko dute asteazken honetan, urriaren 22an, 18:45ean, San Mamesen.

Espainian Movistar Liga de Campeones katearen bidez jarraitu ahal izango da. Munduko beste edozein lekutatik ikusten baduzu, hemen duzu partida eskaintzen duten telebista-operadoreen zerrenda luzea.