
Paredesek eta Valverdek Qarabagen aurka San Mamesen aurrerapausua ematea espero dute
Paredesek eta Valverdek Qarabagen aurka San Mamesen aurrerapausua ematea espero dute
Athleticek batzen hasteko beharrarekin ekingo dio bihar Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldiari
Athletic Clubek asteazken honetan jokatuko du San Mamesen (21:00etan) UEFA Champions Leagueko multzoko hirugarren neurketa, Qarabag FKren aurka. Partidaaren atariko prentsaurrekoan, Aitor Paredesek eta Ernesto Valverdek azpimarratu dute neurketaren garrantzia eta etxean sendo aritzearen beharra.
Aitor Paredes: “Garaipena behar dugu eta haren bila joango gara”
Defentsa zuri-gorriak taldearentzat neurketak duen garrantzia nabarmendu du: “Partida garrantzitsua da, berebizikoa. Zero punturekin gaude eta sei neurketa ditugu aurretik, horietatik hiru etxean. Bertan sendo jokatu behar dugu, eta lehenengo aukera biharkoa da. Garaipena behar dugu eta bila joango gara”.
Paredesek aurkariaren maila goraipatu du, ligaxkako lehen postuetan kokatua baitago: “Bi garaipenen ostean, ez da inolako ezustekoa. Sei puntu dituzte Championsen, guk ere nahiko genituzkeenak. Badakigu oso partida zaila izango dela, dagoeneko erakutsi dute nola jokatzen duten. Ez dira paseatzera etorri, hiru puntuak nahi dituzte, guk bezala. Ez dut uste faborituak garenik, ezta gutxiago ere; errespetatu egin behar ditugu, erakutsi baitute zer egiteko gai diren”.
Erdiko atzelariak San Mamesen garrantzia azpimarratu du denboraldiko lehen garaipen europarra lortzeko: “Bihar, etxean, oso garrantzitsua da garaipena lortzea. Beharrizana dugu eta gure zaleek bultzada hori ematea espero dut, gauzak errazte aldera”.
Azkenik, Paredesek taldearen nortasuna berreskuratzearen garrantziaz hitz egin du: “Aurrerantz jokatu behar dugu, ausartak izan eta jokaldi bakoitzean gola sartzeko gogoa erakutsi. Iazko taldea berriro izatea da helburua, horrek ekarri baitgaitu hona”.
Ernesto Valverde: “Bihar gure aukera da puntuak batzen hasteko”
Entrenatzaileak ere azpimarratu du partidaren garrantzia eta puntuak batzeko beharra: “Sailkapena argi dago: haiek lehenengo postuetan doaz eta gu azkenekoetan. Bihar gure aukera da puntuak batzen hasteko”.
Egutegiaren eta lan kargaren inguruan, Valverdek aitortu du: “Hiru egun lehenago jokatu dugu eta hiru egun barru ere berriro lehiatuko gara, baina gauzak horrela daude. Haiek freskoago helduko dira. Hala ere, Championseko sailkapenak estutzen gaitu eta partida garrantzitsua da, badakigu hori”.
Azkenik, jokoan oreka bilatzearen beharra azpimarratu du: “Erasoan eta defentsan ondo jokatzen duenak ditu garaipena lortzeko aukera gehin. Bi alderdi horietan gure bertsiorik onena erakutsi nahi dugu bihar”.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Qarabağ FK

