Newcastle: Follow Something Unique

Newcastle: Follow Something Unique

Athletic Clubek Dortmunden ekimena errepikatuko du, 1994ko kanporaketa mitikoa berpiztuko du eta Champions Leagueko atariko partida bat antolatuko du Newcastle hirian, balioz betetako programa batekin: haritz bat landatzea, Walking Football partida Gontzal Suances kapitainarekin eta futboleko senidetzeko hirugarren zatia

#FollowSomethingUnique kanpainaren barruan, Athletic Club Fundazioak Dortmunden egindako ekimena errepikatuko du, eta Newcastlen Championseko atariko partida bat antolatuko du bi taldeetako zaleen artean, zuri-gorrien bidaien ohiko giro on horri eusteko: haritz bat landatzea, Walking Football partida eta futboleko senidetzeko hirugarren zatia. Gogoan, 1994ko urriko kanporaketa mitikoa (3-2 St James’ Park-en eta 1-0 San Mamesen) eta zaleen arteko giro bikaina, bai Newcastlen bai Bilbon.


Programa honek Athletic Cluben balioak aurkezteko balio izango du, eta athleticzaleek Europan etxetik kanpo jokatzen dituzten partidetan utzi ohi duten arrastoarekin bat egiten du: familiaz eta koadrilaz osatutako zaleak, errespetuzkoa, alaia, bere nortasunaz harroa eta futbola festa bihurtzeko gogoarekin.


#FollowSomethingUnique programa Newcastlen

Dortmunden ez bezala, oraingo honetan programaren hiru ekitaldi nagusiak uztartzea da proposamena, eta Walking Football partidan lehiatuko direnek edo taldea animatuko dutenek haritzaren landaketan ere parte hartzea.

  • 12:15 Newcastle United Foundation-en eraikinean deialdia, NUCASTLE, Diana Street, Newcastle-upon-Tyne, NE4 6BQ https://share.google/7cQeEsvU6MCIhmVbS 
  • 12:30 Haritza landatzeko ekitaldia
  • 13:00 – 14:00 Walking Football partida
  • 14:00 – 14:15 Dutxa
  • 14:15 – 15:00 Hirugarren zatia
  • 15:00etatik aurrera, Newcastle – Athletic Club partidaren aurretikoa 20:00etan (21:00etan Euskal Herrian)

Beraz, 12:30ean, aurreikusitako lehenengo ekitaldia izango da: haritz bat elkarrekin landatzea, harrerako hiriari eskerrak emateko. Haritzaren ondoan plaka bat jarriko da, mezu honekin:


We met as opponents, but our friendship continues
Thank you, Newcastle, eskerrik asko.
November 5th, 2025


Bere esanahia da: “Aurkari bezala ezagutu genuen elkar, baina lagunak izaten jarraitzen dugu. Eskerrik asko, Newcastle, eskerrik asko”.


Dortmunden Walking Football Athleticeko kapitaina Carlos Gurpegui izan bazen, oraingoan Gontzal Suances izango da taldeburua, 1994ko kanporaketa ahaztezineko protagonista nagusietako bat. Joaneko partidan, talde ingelesa 3-0 irabazten ari zen 57. minutuan. Hamar minutu geroago, Suances zelairatu eta kanporaketa zeharo aldatu zuen. 72.ean, aurrelari getxotarrak gol pasea eman zion Zigandari aldea murriztu zezan eta 80.ean bigarrena sartu zuen burukada bikain baten bitartez. Beraz, gutxi dira Gontzal Suances bezain aproposak Newcastleko Walking Football partidan Gurpeguiren besokoa jasotzeko.


Walking Football partida hau jokatu nahi dutenek, esteka honetan eman dezakete izena. 

 

EMAN IZENA

 

WALKING FOOTBALL NEWCASTLE

Izena emateko azken eguna: urriak 27, astelehena, 9:00etan. Jasotako eskaerak deialdiaren zenbakia baino gehiago badira (20 pertsona), Fundazioak zozketa bat egingo du izena ematen dutenen artean, astelehenean bertan, eguerdiko 12:00etan.