"Oso pozik gaude emaitzekin; orain helburuak lortzen jarri behar dugu arreta"

"Oso pozik gaude emaitzekin; orain helburuak lortzen jarri behar dugu arreta"

Athleticeko presidenteak positiboki baloratzen du Batzar Nagusian puntu guztiak onartzea, eta denboraldiko kirol, gizarte eta erakunde erronketan zentratuta jarraitzearen garrantzia nabarmentzen du

Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentea pozik agertu zen 2025eko Ohiko Batzar Nagusiaren ondoren, non bazkide konpromisarioek bozkatutako puntu guztiak onartu zituzten. “Oso pozik gaude emaitzekin, parte-hartzea iazkoaren oso antzekoa izan da, eta onarpen emaitzak, hobeak. Horrek indarra ematen dizu denboraldi honek arlo guztietan dituen erronka handiak lortzeko lan egiteko. Ez dago errezeta magikorik, eguneroko lana baizik”, adierazi zuen.

Batzarraren iraupenari eta tonuari dagokienez, presidenteak adierazi zuen biek islatzen dutela “proiektuarekiko batasun eta babes handia”.

Estadioa handitzeko aukerari buruz galdetuta, presidenteak azaldu zuen klubak San Mameseko edukiera handitzeko formulak bilatzen jarraitzen duela: “Denboraldiak daramatzagu toki berriak lortzeko lanean. Palkoan aldaketak egin ditugu, aulkien ondoan... Edukiera handitzen saiatu nahi dugu, eserleku bat bada ere, ditugun 8.000 bazkidetik gorako itxaron zerrendari erantzuteko. Ez dugu proiektu faraonikorik aurreikusten; espazioa dena da, eta edozein lekutaik eserleku gehigarriak ateratzeko lan egiten dugu”.

Gai berari buruz, baina Lezamaren inguruan, presidenteak aurreratu zuen “eraikigarritasuna agortuta dagoela eta instalazioak handitu ahal izateko arau mailan beharrezkoak diren urratsak egiten ari direla”. Azaldu zuenez, “hainbat proiektu posible aurkeztu dira, baina ikusi beharko da zein onartzen den eta Klubak zer bere gain har dezakeen”.

San Mamesen entzundako txistu arinei buruz ere galdetu zioten Uriarteri: “Ez dira asko izan, baina gutxiengo bati entzun zaizkio. Onartezina dela uste dut. Edozein ikusle egon daiteke haserre, baina Athletic desberdina da nire ustez; pazientzia izan behar da. Bilbon dugun DNA taldea une oro babestea da”.