Athleticek besoko berezia jantziko du Haurren Nazioarteko Egunagatik

Athleticek besoko berezia jantziko du Haurren Nazioarteko Egunagatik

Entitateko talde guztiek, oinarritik hasi eta lehen mailakoetaraino, bereizgarri bat eramango dute, "Garrantzitsua dena defendatzen dugu, haurtzaroa jokoan" lelopean

Haurren Nazioarteko Egunean, gazteenen eskubide, babes eta ongizateari buruz hausnartzera gonbidatzen duen jardunaldian, Athletic Clubek konpromisoa indartzen du bere oraina eta etorkizuna ordezkatzen dutenekiko. Klubarentzat, data honek esanahi berezia hartzen du. belaunaldien arteko transmisioari eta bere komunitatearen hazkunde integralari hertsiki lotua baitago.

Horregatik, Klubak ekimen sinboliko eta kolektibo bat bultzatuko du asteburuan: talde guztiek, harrobitik hasi eta eliteko taldeetaraino, besoko bat jantziko dute, “Garrantzitsua dena defendatzen dugu, haurtzaroa jokoan” leloa eramango duena. Athletic Clubek azpimarratzen du haurtzaroa defendatzea gure funtsezko balioak defendatzea dela: jolasteko, entzunak izateko eta parte izateko eskubidea, "haurtzaroa jokoan dagoenean, denok jokatzen dugulako", kanal ofizial zuri-gorrian zabaldutako bideoak defendatzen duen bezala.

Hitz gutxitan, haurtzaroa eta nerabezaroa babestearen garrantzia ikusarazi eta balioan jarri nahi duen keinua, partida bakoitza konpromiso zuri-gorriaren oroigarri publiko bihurtzen duena.

Ekintza hau ATERPE Programaren eguneroko lanari gehitzen zaio, Athletic Cluben Haurren Babes Gunea, Lezamako egitura guztietan ingurune seguru, errespetuzko eta fidagarriak sortzeko erreferentziazko espazio gisa finkatu dena. ATERPEk protokoloak, prestakuntza-tresnak eta laguntza-baliabideak garatzen ditu, arrisku-egoerak saihesteko eta haurrei, nerabeei, haien familiei eta Klubeko langileei laguntzeko.