
Valdebebasera bisita, denbora laburrean
Valdebebasera bisita, denbora laburrean
Athleticek, larunbatean etxean berdindu ostean, bere bolada ona proban jarriko du bihar, Supercoparen ospakizunak aurreratutako 17. jardunaldian Real Madriden aurka
Athletic Cluben egutegian ohi baino hitzordu gehiagorekin dator urtarrila, eta otsaila hasi arte iraungo du, Kopako final-laurdenetako norgehiagokarekin. Baina hori hilabete eskas barru iritsiko da. Hurrengo norgehiagoka berehalakoa izango da, eta astearte honetan du hitzordua, 19:00etatik aurrera, Real Madriden aurka. Javi Lergarenak Valdebebasen lehiatuko dira bihar, bi aste barru Castellonen jokatuko den Supercoparen ondorioz aurreratutako Liga F-ko 17. jardunaldiari dagokion neurketan.
Gauzak horrela, larunbatean FC Badalona Women taldearen aurka ligako lehen itzulia itxi zuten lehoiek eta aste bizi-bizi bati hasiera emango diote. Real Madriden aurka etxetik kapo aste barruan lehiatu eta gero, asteburuan Kanariar Irletaraino hegan egingo dute, Heliodoro Rodriguez Lopez zelaian CD Teneriferen aurka lehen aldiz jokatzeko. Bi irteera zail lehiaketa erregularrean zortzi jardunaldi luzatzen den bolada ezin hobea mantentzen saiatzeko.
Hain zuzen ere, Real Madrid izan zen Javi Lergaren taldea mendean hartu duen azken aurkaria San Mamesen. Iragan urriaren 12ko norgehiagoka hartan, zuri-gorriek 1-4 galdu zuten talde merengearen aurka, eta Weir bikain aritu zen arratsaldean. Orduan, Athleticek ikasturte hasiera kaskarrean zegoen murgilduta, eta aurten ere taldea indartzen jarraitzen duen talde boteretsuak gainditu zuen.
Ligako azken porrota: urrian, Real Madriden aurka
Pau Quesadaren taldeak ligako partida guztiak irabazi ditu, lau izan ezik. Izan ere, Atletico Madriden eta FC Barcelonaren aurka galdu du soilik. Las Gaunasen berdindu egin zuen lehen jardunaldian eta Heliodoro Rodriguez Lopez zelaian ere puntu bakar bat eskuratu zuen CD Teneriferen aurka. Talde zuria bigarren postuan dago sailkapenean, sei urte dira talde zuriak emakumeak bere kirol egituran sartzea erabaki zuenetik, FC Barcelonaren arrastoa jarraituz. Talde erregularra, sendoa eta Champions Leaguean bizirik dirauena da, denboraldi bakoitzean talde kataluniarrari tituluren bat irabazten saiatzen dena.
Izen propioez ari garela, internazionalez gainezka dagoen eta aurten, bereziki, Caroline Weir gailentzen ari den plantila dela aipatu behar dugu. Eskoziarra oso fin ari da denboraldi honetan, eta zazpi gol egin ditu ligan, baita bi asistentzia banatu ere. Asteburu honetan Sevilla FC taldeari 2-0 irabazi zioten zuriek eta Weirrek gol bat sartu eta Linda Caicedori berea egiten lagundu zion, madrildarren taldean kontuan hartu beharreko beste jokalarietako bat.
Alfredo Di Stéfano zelaian ez da inoiz punturik lortu
Athleticek atseden gutxirekin bidaiatuko du Valdebebasera, eta Alfredo Di Stefano zelaia zuri-gorriek bisitatzen duten bakoitzean galdu egin dutela dioen datu estatistiko batekin. Guztira bost izan dira eta ez batean ez bestean, lehoiek ez dute punturik lortu. Gol bakar bat sartu dute soilik.
Hori bai, partidak oso lehiakorrak izan dira beti, eta Real Madridek, bere kasuan ohikoa den bezala, garaipena lortu du bere futbolarien zenbait jokaldi distiratsuak medio.
Hori dela eta, Javi Lergaren taldeak neurketa ia perfektua egin beharko du aurrekariekin hautsi eta ligan puntuak biltzen eta mailaz igotzen jarraitu nahi badu. Asteburu honetan etxean FC Badalona Women taldearen aurka berdindu ostean, bi aldeetan asmatu gabeko norgehiagokan, zuri-gorriek zortzi jardunaldi galdu gabe batu dituzte, eta urtarrilean dinamika ona hori proban jarriko dute. Real Madriden aurkakoa izango da lehen testa.
Erlazionatutako partidak
Real Madrid - Athletic Club


