
Galarreta: “Hemen gaudenok dena emango dugu”
Galarreta: “Hemen gaudenok dena emango dugu”
Athleticeko erdilariak eta Ernesto Valverdek Stadio di Bergamon hitz egin dute Atalanta BC taldearen aurkako Championseko partidaren atarikoan
Athleticek asteazken honetan jokatuko du Bergamon, Atalanta BC taldearen aurka, Champions Leagueko partida erabakigarria. Neurketaren aurreko prentsaurrekoan, Galarretak eta Ernesto Valverdek zelaia bertaratu diren hedabideen galderak erantzun dituzte.
Galarretak adierazi duenez, aldagela jakitun da duten egoeraz: “Hemendik denboraldi bukaerara, partida guztiak garrantzitsuak izango dira. Hemen irabazi behar dugu Championsen jarraitu nahi badugu, edo behintzat berdinketa lortu”. Eibartarrak taldeak momentu zailetan bere burua berregiteko duen gaitasuna nabarmendu du: “Gauzak ateratzen ez direnean beti duzu entrenatzeko, zuzentzeko eta buelta emateko aukera”.
Erdilari zuri-gorria taldean min hartu duten hainbat jokalari daudela onartu du, baina konfiantza osoa du Bergamora bidaiatu dutenengan: “Inoiz ez da atsegina taldekideak lesionatuta egotea. Futbolari batentzat frustragarriena da taldearekin ezin egotea, baina jende gaztea gogo handiarekin etortzen da eta hemen gaudenok dena emango dugu”.
Ernesto Valverdek, bere aldetik, onartu du jokalari guztiak prest edukitzea gustatuko litzaiokeela, nahiz eta denboraldi honetako egutegia zaila izan: “Neurketen segida bat datorrenean horrelakoak gerta daitezke. Ezustekoa da partida erabakigarria delako, baina aurre egin behar zaio”.
Athleticeko entrenatzaileak, hala ere, bere mezua berretsi du: “Gure lehiaketarik garrantzitsuena Liga da; horrela irabazi genuen Kopa eta horrela erdietsi genuen iaz Europa Leagueko finalerdietara sailkatzea. Orain ez ditugu nahi genituzkeen puntuak, baina egoera irauli behar dugu eta aurrera jarraitu, egutegiak ez duelako atsedenik ematen”.
Erlazionatutako partidak
Atalanta BC - Athletic Club


