
Athleticek bere balioak erein ditu Bergamon
Athleticek bere balioak erein ditu Bergamon
Gernikako Arbolaren kimu baten landatzea eta zaleen arteko Walking Football partida nabarmendu dira Txapeldunen Ligako atarikoan, Athletic Club Fundazioak Italiako Lehoiak Peñaren, Bergamoko Udalaren eta ASD Oratorio Monterossoren laguntzarekin antolatuta
Italiako Lehoiak Peñak eta Bergamora joandako zenbait athleticzalek, Gorka Iraizoz atezain zuri-gorri historikoa buru zutela, Walking Footballeko txapelketa txiki bat jokatu dute gaur goizean ASD Oratorio Monterossorekin -Walking Football talde lonbardiarra- Txapeldunen Ligako balorez beteriko atarikoan.
Futbol partidatxoaz gain, Gernikako Arbolaren kimu bat landatzeko ohiko ekitaldia egin da, Bergamon jasotako abegikortasunagatik eskerrak emateko.
Esanahi handiko ekitaldi sinbolikoak
Marcella Messina eta Oriana Ruzzini Bergamoko zinegotziak, Jon Ruigomez Athleticeko presidenteordearekin eta Klubeko gainerako ordezkari instituzionalekin -Igor San Roman, Laura Ruiz de Azua, Gorka Cubes eta Josetxu Urrutia batzordekideak, Johana Ruiz Olabuenaga Gizarte Arloko zuzendaria, Galder Reguera Fundazioko Arduraduna eta Gorka Iraizoz izan dira ekitaldi sinboliko honetan.
Marcella Messina eta Oriana Ruzzini udal zinegotziek ongi etorria eman ostean, Jon Ruigomezek hitz egin du. Presidenteordeak antolatutako ekitaldien botere sinbolikoa azaldu du, haritzarekin batera doan plakaren legendan laburbiltzen den aurkezpen-gutuna nabarmenduz:
"Siamo arrivati come avversari, ce ne andiamo come amici. Grazie, Bergamo, eskerrik asko". "Aurkari gisa ezagutu genuen elkar, lagun gisa goaz. Eskerrik asko, Bergamo, eskerrik asko".
#FollowSomethingUnique Dortmund, Newcastle, Praga eta Bergamo hirietan
#FollowSomethingUnique izeneko ekimena Athletic Clubek Txapeldunen Ligako Fasean etxetik kanpo jokatu dituen lau hirietan egin da -Dortmund, Newcastle, Praga eta, gaur, Bergamo-, eta errespetuan eta kiroltasunean oinarritutako zaleen arteko lehia ulertzeko modua aldarrikatzen du, hauek funtsezko balioak baitira Athletic Clubentzat.
Gorka Iraizoz, Italiako Lehoiak Peña eta ASD Oratorio Monterosso
Ondoren, Bergamoko Monterosso auzoko San Gregorio Barbarigo Parrocchiaren ondoan dagoen zelaian jarraitu du jardunaldiak. Bilbotik joandako ordezkaritza zuri-gorriak, Gorka Iraizoz buru zela, bi anfitrioi izan ditu:
Alde batetik, ASD Oratorio Monterosso, Walking Football taldea duen lonbardiar futbol taldea, 1977ko finalean Athleticen aurka jokatu zuen Juventuseko jokalari ohi Alberto Marchettik entrenatuta.
Haiekin batera, Italiako Lehoiak Peña, Franz Scordamaglia presidentea buru dela, eta bere alboan, Emiliano Gabrielli presidente ohia. Italia osoko peñazale zuri-gorriek egutegian markatuta zuten egun hau eta, Walking Footballeko partida antolatzen laguntzeaz gain, anfitrioi eta gidari bikainak izan dira espedizio zuri-gorria iritsi denetik.
Atzo harrera bikaina egin zieten lehoiei Bergamoko hotelera iritsi zirenean, opari bat eman zioten Lekue kapitainari eta afaria antolatu zuten athleticzaleen artean.
ASD Oratorio Monterosso taldeko kide gehienak Atalanta BC taldeko jarraitzaileak direnez, Athletic Clubeko aurkaria gaur gauean, pikeak eta txantxak ere etengabeak izan dira, beti kirol giroan.
Erlazionatutako partidak
Atalanta BC - Athletic Club


