
Perutik Bilbora Athletic Clubek elkartuta
Perutik Bilbora Athletic Clubek elkartuta
VillaGol & Bizkaia Koopera proiektuaren hiru ordezkarik bisitatu dute Ibaigane Jauregia. Proiektua Limako Villa El Salvador barrutian garatu du “Kirola eta Garapena” elkarteak, Athletic Club Fundazioarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan
Gaur egun, VillaGol & Bizkaia Koopera proiektuak futbolean federatuta jokatzen duten 150 neska ingururen bizi kalitatea hobetzen du, denboraldi bakoitzeko 3.000 haur baino gehiagok parte hartzen duten jarduera programa baten barruan. 2006an sortu zen proiektu hori, Barakaldoko “Kirola eta Garapena” eta Limako “Villa El Salvador” elkarteek bat egin zutenean, komunitateko haur eta nerabeentzako kirolguneak sortzeko helburuarekin, kirolaren bidez haurren eskubideak zainduz.
Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen Bizkaia Koopera programaren barruan kokatzen da. Programa horretan, ohikoak ez diren eragileak sartzen dira garapenerako lankidetzan, eta haien eragina eta esperientzia batzen dira, kasu honetan, haurren eskubideak defendatzeko, aukera-berdintasunerako eta kirolaren bidez haur eta nerabeak ahalduntzeko, batez ere gizarte-kalteberatasuneko testuinguruetan.
Athleticzale sentimendua
Carlos Gurpeguik eta Gurutze Fernandezek 2008an eta Oscar de Marcosek 2013an egindako bisita zuri-gorriek Lima hiriko Villa El Salvadorreko “giza kokaleku” horretan athleticzale sentimendu oso handia sortu zuten, eta urteen poderioz hazten joan da.
Ostiral honetan, proiektu honetako hiru lagunek Ibaigane bisitatu dute, Athletic Clubek gonbidatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak eta aipatutako elkarteek parte hartu duten harrera batean.
Bileran izan dira:
- Johana Ruiz Olabuenaga, Athletic Clubeko Gizarte Arloko zuzendaria.
- Galder Reguera, Athletic Club Fundazioaren Proiektuaren arduraduna.
- Teresa Laespada, Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko foru diputatua.
- Natxo Rodríguez, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Kohesiorako zuzendaria.
- Juan Abanto, Villa El Salvadorreko Kirol eta Garapen Elkarteko presidentea. Athletic Villaren sortzailea eta gizarte ekintzailea.
- Gianela Alvarado, futsal eta futbol jokalaria eta beheko kategorietako entrenatzailea.
- Cecibel Zevallos, futsal eta futbol jokalaria eta beheko kategorietako entrenatzailea.
- Aitor Alonso, Pauldarrak EFKTri lotutako "Kirola eta Garapena"-ren presidentea.
- Iñaki Alonso, "Kunina Sports"-eko zuzendaria.
Teresa Laespadak, Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko foru diputatuak, azpimarratu duenez oso garrantzitsua da Bizkaiko erreferente handiek, adibidez Athletic Clubek bere Fundazioaren bitartez, Garapenerako Lankidetzarekin bat egitea, bere esperientzia eta ezagutza eskainiz, eta, era berean, Bizkaiko GGKEak garatzen ari diren Garapenerako Lankidetzaren lanaren ikusgarritasun handiagoa eta eragina handitzea ahalbidetzea.
Elkarrekin, Giza Eskubideen eta Haurren Eskubideen Defentsa
Villa El Salvador indarkeria handia jasaten ari den udalerri limatarra da, eta 14 urtetik beherako gazteek egunero su-armak erabiltzeko aukera dute. Kaleko lagun-talde bateko kide izateak ikastetxetik urrundu eta drogara (oinarrizko pasta erretzea) edo delinkuentzia arrunteko ekintzetara (lapurretak eta erasoak) hurbiltzen zituen.
Testuinguru marjinal honetan, Athletic Club Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, Giza Eskubideen defentsan ate bat zabaldu du.
Athletic Villa, erreferentziazko taldea
Kirol arloaz gain, “VillaGol & Bizkaia Koopera” proiektuaren helburua da komunitatean erreferentziazko erakunde bihurtzea, neskek maila guztietan eta adin desberdinetan kirola egiteko guneak izan ditzaten.
Oro har, proiektuak hainbat futbol eta futsal (areto futbola) talde ditu Athletic Villa izenarekin, “leonas del Arenal” izenez ere ezagutzen direnak. Gainera, eskola-laguntza duten jokalariei beka ematen zaie, eta, aldi berean, baita jokalariei ere, entrenatzaile bihur daitezen, Gianela eta Cecibelen kasuak bezala.
Komunitateko kirolguneek segurtasun-gune osasuntsu eta seguruak izan behar dute neskentzat, eta, horretarako, ezinbestekoa da entrenatzaileek arlo hori ulertzea eta prestatuta egotea.
Hortaz, egun hauetan Bilbon dagoen ordezkaritzaren bidaia-agendak honako helburu hauek ere jasotzen ditu:
- Bizkaiko errealitatea ezagutzea kirol-antolamenduari dagokionez.
- Kirol- eta gizarte-metodologian prestatzea.
- Haurrak babesteko prestakuntza jasotzea.
