“Puntuak bai ala bai behar ditugu”

“Puntuak bai ala bai behar ditugu”

Ernesto Valverderen ustez, derbi asko jokatu arren, biharkoa “bat gehiago da, baina oso garrantzitsua”

Champions Leaguetik kanpo geratu ostean, Athletic Clubek San Mamesen jokatuko duen LaLigako lehen partida heldu da, eta behar handiko euskal derbia jokatuko du. Emaitza bolada txarrean murgilduta, talde zuri-gorriak hiru puntu behar ditu, eta hala adierazi du Ernesto Valverdek Realaren aurkako partidaren aurreko prentsaurrekoan: "Puntuak bai ala bai behar ditugu. Oso partida parekatua aurreikusten dut, diferentziarik gabekoa eta Realaren betiko nortasun ezaugarriak ikusten ditut”.

Lehoien entrenatzaileak, Realaren teknikari berria den Mattarazzoren taldean ikusten dituen diferentziez galdetuta, honako hau azaldu du: “Aurrekoaren oso antzekoa den Reala ikusten dut. Betiko borrokarako zaletasunari eusten diote. Presio berarekin eta oso elkarrekin egonda. Hor jokatu genuenean ez zeuden ondo sailkatuta eta orain gure gainetik daude".

Hain zuzen ere, azken apunte horren gainean, dinamika oso ezberdina daramaten bi talde arituko dira aurrez aurre: “Derbietan gauzak berdindu egiten dira. Aldatu nahi dugun espiral batean gaude eta beraiek mantendu nahi dute. Gauzak aldeko ateratzen zaizkizunean, bilatu eta aurkitzen dituzulako da. Hori da, hain zuzen ere, guk egin behar duguna.Horrelako partidetan indartsu egon behar dugu dueluetan. Joaneko partidan ikusi zen. Jokaldi bakoitzean dena jokatu behar da, eta are gehiago, gauden egoeran. Derbiak neurketa bereziak dira, asko jokatu ditugu eta hau bat gehiago da, baina oso garrantzitsua”.