Athleticek Efe Korkut fitxatu du
VFB Stuttgart taldeko erdilari donostiarrak 2028ra arte sinatu du kontratua eta Bilbao Athleticekin jokatuko du
Athletic Clubek eta VFB Stuttgartek akordioa lortu dute talde alemaniarraren bigarren taldean jokatzen zuen Efe Korkut 19 urteko erdilaria fitxatzeko. Donostiarra berehala hasiko da Bilbao Athleticen jokatzen, eta 2028ko ekainaren 30era arte sinatu du, bi denboraldi luzatzeko aukerarekin.
Zelai erdian etorkizun handia duen futbolaria da, erasorako proiekzioa du eta teknikoki oso ondo jokatzen du. Alemaniako kluben harrobiko mailetan trebatua, VFB Stuttgart-ek fitxatu zuen FC Nürnberg-etik 2022 urtean. Joan den denboraldian nabarmendu zen, 8 gol sartu baitzituen 32 partidatan, horietako bi UEFA Youth Leaguean. Denboraldi honetan, 16 partida jokatu ditu VFB Stuttgarten bigarren taldearekin eta talde nagusiarekin lagunarteko norgehiagoketan parte hartu du.
Efe Korkut Turkiako selekzioaren harrobiko maila guztietan ibili da, eta bere taldekide berriak izango direnetako batzuk izan ditu aurrez aurre, Peio Huestamendia eta Igor Oyono, besteak beste. Tayfun aitagatik eskuratu zuen turkiar nazionalitatea. Tayfun Realeko jokalari ohia izan zen hiru denboralditan zehar eta bertan ezagutu zuen bere ama, donostiarra ere badena.

