“Badakigu zer daukagun jokoan”
Ernesto Valverdek dio “taldeak jada trantsizioa egin duela ziztu bizian", eta urte hauetan Kopako eta Europako finalerdietan sartzeak taldeari eman dion bultzadaz aritu da
Ernesto Valverdek Valentzia CF taldearen aurkako partida aztertu du. Igandekoarekin alderatuta baja berriak egon arren, Aitor Paredes zigortuta eta Alex Berenguer lesionatuta, “finalerdietan sartzeko aukera” oso garrantzitsua dela esan du.
Denboraldi batean pausoa aldatzea ez da erraza, baina entrenatzailearen ustez taldea tinko dago Ligako egoera berriaren eta emaitza txarren ostean: “Taldeak egin du jada trantsizioa ziztu bizian. Batek ezin du ahaztu zer egin behar duen eta hortxe izan ditugu arazoak. Liga luzea da, baina partida guztietan gauzak gertatzen direnean… Badakigu zer daukagun jokoan”. “Emaitzak denboraldiko lehen minututik ateratzeko premia egon behar da. Segurtasun gabeziak gainditu behar dira”, azpimarratu du.
Mestallara itzuliko da Athletic, sailkapenean behetik dagoen talde baten aurka jokatzeko, baina Ligan Athletici irabazi zion taldea: “Valentzia ez dago momentu txarrean. Betisen aurretik, aurreko 6 puntuak lortu ditu. Hobeto ikusten dut, plantilla luzea du. Aukera bat da beraientzat eta guretzat, nahiz eta, ez bata ez bestea, ez gauden unerik onenean”.
Valverdek Alex Padilla Kopan lerrokatuko du berriz ere, eta urte hauetan Europako zein Kopako finalerdietan sartzeak beste urte batzuetan izan duen eraginaz mintzo da: “bultzatu egin gaitu, ilusiorako motiboa da". “Zaila izango da, kanpoan jokatuko dugu, baina ez dago ezer esanda”. Nico Williamsen inguruan, zera esan du: “motibatuta dago, beti bezala. Lesionatuta dagoenean apur bat beherago dago, hobeto egotea gustatuko litzaioke, baina oso ondo ikusten dut”.
Jon Uriarte presidentearen eta Mikel Gonzalez Futbol zuzendari nagusiaren babesa eskertu du: “Athleticen beti, etapa guztietan, presidenteen, atzean dagoen jendearen eta Lezamaren konfiantza sentitu dut. Athleticen hori bermatuta dago eta horrela izan behar du azken egunera arte. Beti eskertu izan dut. Futbol munduan gaude, irabazi egin behar da eta emaitzek agintzen dute”.
Bestalde, Yeray Alvarezen itzuleragatik poztu da: “Yerayren itzulera pozgarria da guztiontzat. Lan asko egin du, baina taldearen dinamikan eta lehian sartu behar da, desentrenatuta dago jokoan. Oso pozik gaude, asko botatzen genion falta”.
Erlazionatutako partidak
Valencia CF - Athletic Club



