Athletic Club Fundazioak IV. Euskal Non-League Day aurkeztu du

Athletic Club Fundazioak IV. Euskal Non-League Day aurkeztu du

Hitzartutako kluben eta ordezkatzen duten futbol hezigarriaren gizarte eta kirol garrantzia nabarmentzeko urteko jaia martxoaren 28ko eta 29ko asteburuan egingo da, eta sari oso bereziak izango ditu

Athletic Clubek, bere Fundazioaren bitartez, Euskal Non-League Dayren laugarren edizioa aurkeztu du ostegun honetan Lezaman, martxoaren 28 eta 29ko asteburuan ospatuko den oinarri-futbolaren aldeko urteroko jaia, gizonezkoen Lehen Mailako nazioarteko geldialdia aprobetxatuz. Hitzartutako 70 klub baino gehiagoko ordezkariak izan dira bertan.
 
Laugarren edizio honen aurkezpena Johana Ruiz Olabuenagak, Klubeko Arlo Sozialeko zuzendariak, egin du, eta bertan izan dira Nerea Nevado eta Ane Elexpuru, emakumezkoen lehen taldeko jokalariak, eta Eneko Boveda, Lezamako zuzendaria eta lehoi zuri-gorri ohia, baita horiekin lotura duten hitzartutako kluben ordezkariak ere: CD Santurtzi KE (Nerea Nevadoren kasuan) eta Loiola Indautxu (Ane Elexpuru).
 
Dena hasten den lekuan
 
Ekitaldia lehen aldiz egin da Lezaman, Athleticen harrobiaren bihotzean, hitzartutako klubetatik eta oinarri-futboletik datozen jokalariez etengabe ellkatzen dena.

Prestakuntza-futbolak gizartean eta kirolean duen garrantziari balioa emateko modua da; izan ere, Lezamako bihotzean amaitu arren, dena herrietako, auzoetako edo ikastetxeetako klub xumeetan hasten da beti.
 
Sari oso baliotsu eta interesgarrien zozketak
 
Familia zuri-gorriak urteko jai honekin bat egin dezan eta martxoaren 28an eta 29an hitzartutako kluben futbol zelaietara joan dadin, Athletic Clubek hainbat zozketa antolatu ditu sari benetan baliotsu eta interesgarriekin.
 
Hitzartutako klub parte-hartzaile bakoitzak txartel sorta bat jasoko du salgai jartzeko. Salmenta horren ondoriozko diru-bilketa osoa klub bakoitzarentzat izango da.

Txartel bakoitzak bi zozketatan parte hartuko du: IV. Euskal Non-League Day egunean zelai bakoitzean egingo den banakako tokiko zozketa bat, eta kluben arteko beste zozketa orokor bat, Athleticek martxoaren 30ean egingo duena, oinarri-futbolaren festa amaitu ondoren.

Zozketa orokorrean irabazle izango diren klubek beste zozketa gehigarri bat antolatu ahal izango dute dagokion saria esleitzeko, hala uste badute.

Tokiko-zozketa: San Mameserako bi sarrera zelai bakoitzean

Tokiko-zozketa bakoitzak bi sarrera banatuko ditu sari gisa San Mamesen jokatuko den LaLigako partida baterako. Hau da, hitzartutako 100 klubek parte hartzen badute, 200 sarrera banatuko dira zozketa partikular horietan.

Lehen saria: Bidaia gizonezkoen lehen taldearekin kanpoko partida batera

Lehen sari orokorra zera da: sarrera bikoitza, bidaia eta bi lagunentzako egonaldia, gizonezkoen lehen taldearekin batera, LaLigako kanpoko partida batean. Parte hartzen duten hitzartutako klub guztien artean lehen sari orokorra zozketatuko da.

Bigarren saria: Players Zone VIP-erako sarrera bikoitza

Bigarren sari nagusia Players Zone VIPerako sarrera bikoitza da, LaLigako partida batean, San Mamesen. Taldeen aulkien ondoan dauden VIP eserlekuak eta estadioko VIP eraztunerako sarbidea hartzen ditu barne, partida hasi baino ordu eta erdi lehenagotik. Parte hartzen duten hitzartutako kluben artean bigarren sari orokorra zozketatuko da.

Hirugarren saria: Meet & Greet bikoitza Lezaman emakumezkoen jokalariekin

Bi lagunentzako txartela emakumezkoen lehen taldearen entrenamendu batera joateko eta bisita esklusiboa Lezamako instalazioetara. Parte hartzen duten hitzartutakoen kluben artean zozketatuko da hirugarren sari orokorra.
Parte hartu nahi duten klubek otsailaren 16ra arteko epea izango dute Euskal Non-League Day jaialdiaren laugarren edizio honetan parte hartzeko.
 
Non-League Day-ri buruz
 
Euskal Non-League Day ekimena Non-League Day mugimendu britainiarrean oinarritu da. Izan ere, 2010az geroztik, nazioarteko geldialdietan futbol partida ez-profesionaletara joatea sustatzea du heburu.
 
Athletic Club Fundazioa, ekimen komunitario honek sustatzen dituen balioek bere nortasunarekin zuzenean lotzen dutela jakitun, partidarik gabeko asteburu bat dagoenean, oinarri-futbolaren garrantzia nabarmendu eta tokiko zelaietara joatea sustatzen duen LaLigako talde bakarra da Lehen Mailan.
 
Era berean, eta bere lehen hiru edizio arrakastatsuen ondoren, Athletic Clubek harreman estua ezarri du ekimen honekin, Euskal Herriko harrobiarekin eta oinarri-futbolarekin eta athleticzale familiarekin duen kidetasun eta lotura sentimendua indartuz.
 
Gainera, Klubak harreman estua du Erresuma Batuko erakundeko arduradunekin eta James Doe sortzailearekin, Euskal Herria bi aldiz bisitatu duena. Hain zuzen ere, James Doeren bideo bat eman zen ezagutzera aurkezpenean, hitzartutako klub guztiak parte hartzera animatuz eta Euskal-Non League Day balioetsiz.