Maroan: “Konfiantza handiarekin nago, dena emateko baldintzarik onenetan”

Maroan: “Konfiantza handiarekin nago, dena emateko baldintzarik onenetan”

Aurrelari gasteiztarra, belauneko lesiotik sendatuta, prentsaurrekoa eman du talde lanera itzuli ostean: “gogo handia dut taldeari helburuak betetzen laguntzeko”

Maroan Sannadik taldearekin entrenatu du berriz, eskuin belauneko meniskoan ebakuntza zela eta taldetik lau hilabete aldenduta eman ostean. Aurrelariak Lezamako taldearen dinamikan parte hartzeko ilusioa adierazi du: “Oso pozik nago, denbora luzez egon naiz zelaitik kanpo eta sentsazio oso onekin nator. Taldeak oso partida garrantzitsuak ditu orain eta nire onena ematera eta helburuak betetzen laguntzera nator”.

Maroanek aitortu duenez, “denbora izan dut zelaian egiten nuen guztia aztertzeko, nola kokatzen nintzen, partida guztietako nire jokaldi guztiak... Orain berriz jokatzeko gogo handia dut, konfiantza dut nigan eta dena emateko baldintzarik onenetan nago”.


Gasteiztarrak tarte horretan jaso duen aldagelaren babesa nabarmendu du: “Egunero etorri eta taldekide hauen babesa aurkitzea talde guztiek ez duten altxorra da. Oso eskertuta nago”.

Horrez gain, lesioek jokalariei nola eragin dieten eta taldea denboraldi amaierara begira nola ikusten duen hausnartu du: “Taldeak partida bakoitzean bere onena eman duela uste dut. Lesio asko izan ditugu, eta orain, pixkanaka-pixkanaka osatzen ari garenez, konfiantza bultzada bat da guztiontzat. Proposatutako helburuak lortuko ditugu eta zaleei merezi dutena emango diegu”.