Klubaren modernizazioari gorazarre Retro Jardunaldian

Klubaren modernizazioari gorazarre Retro Jardunaldian

Athletic Clubek hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako estetika gogora ekarriko duen ekipamendua erabiliko du

La Liga EA Sports-ek antolatutako Jardunaldi Retroaren harira, Athletic Clubek eta Castorek erakundearen historian funtsezko garrantzia izan zuen garai bati aitortza egin nahi izan diote: 1970 eta 1975 arteko aldia. Hori dela eta, berrinterpretatu egingo da garai hartako jantzi ikonikoa: lepo itxiko elastiko zuri-gorria, praka beltzak eta marra horizontal zuri-gorridun galtzerdi klasikoak.

Ekipazio retro hau 31. jardunaldiari dagokion partidan jantziko da, Villarreal CF-ren aurka San Mamesen jokatuko dena, apirilaren 12ko asteburuan. Ekipazio berriaren aurresalmenta dagoeneko eskuragarri dago lotura honetan.
 

ERRESERBATU ORAIN KAMISETA


Jantzi horren bidez, klubaren hurrengo hamarkadetan eragin nabarmena izan zuen modernizazio-prozesuari gorazarre egingo zaio. Garai hartan gertatu ziren mugarri esanguratsuen artean daude Athletic Club izen historikoa berreskuratzea —urteetako debekuaren ondoren—, Lezamako kirol instalazioen eraikuntza eta abian jartzea, eta klubaren kirol-filosofiari eustea, atzerriko jokalarien fitxaketak ahalbidetu zituen merkatu ireki berriaren testuinguruan.

Era berean, aipatzekoa da 1973ko Kopako titulua, Madrilgo Vicente Calderon estadioan CD Castellonen aurka eskuratua. Talde hartan klubaren historiako mito handiak zeuden: Jose Angel Iribar, Txetxu Rojo, Carlos Ruiz, Fidel Uriarte, Iñaki Saez, Txutxi Aranguren, Angel Maria Villar, Anton Arieta eta Agustin Guisasola, besteak beste. Final hartan erabilitako Iñaki Saez eta Rojo II.aren elastikoak AC Museoaren bilduman gordetzen dira. Garai hartako izen historiko horiei batu zitzaizkien, halaber, “Itzulera Operazioa” izenez ezagututakoaren bidez klubera itzuli ziren jokalariak: Txema Lasa, Pedro Mari Zabalza, Jabo Irureta, Fernando Tirapu edo Aitor Agirre.

Klubaren modernizazio-prozesuaren garaia izan zen, eta 1973 urtea bereziki esanguratsua gertatu zen erakundearentzat: Kopako titulua irabazteaz gain, Athleticek bere 75. urteurrena ospatu baitzuen. Efemeride horren harira, nazioarteko txapelketa bat antolatu eta Athletic Clubekin batera, Bayern München, Real Madrid eta Vienako Rapid taldeek bertan parte hartu zuten. Lehiaketa San Mames berrituan jokatu zen, bere Ekialde Harmaila berriarekin, zeinek bazkide kopuru handiagoa izatea ahalbidetu zuen. Garai hartako beste berrikuntzen artean egon ziren, halaber, aldizkari ofizialaren sorrera eta Katedralean jokatzen ziren partidetarako eskuko programaren abiaraztea.

Aldi berean, emakumeek klubeko bazkide izateko eskubidea aldarrikatu zuten, Miren Edurne Salsamendik garai hartako komunikabideetan irekitako eztabaida publikoaren ondorioz. Jendartearen baitan askatasun demokratikoak berreskuratzeko nahia agerikoa zen, eta zuri-beltzeko garaitik koloretako aro berri batera igarotzeko gogoa nabarmena zen. Horren erakusgarri da euskararen berpizkunde kulturala, Mikel Laboaren “Txoria txori” bezalako sorkuntza ikonikoekin, gaur egun San Mamesen ohiko bihurtu dena.

Ekipazio berezi horrez gain, Athletic Clubek hainbat aktibazio fisiko eta digital gauzatuko ditu Jardunaldi Retroari ikusgarritasun eta eragin handiagoa emateko. Datozen egunetan, erakundeak xehetasunez azalduko ditu LaLigaren Jardunaldi Retro hori osatuko duten bestelako eduki zein ekintzak. Villarreal CF taldearen aurkako partidan, San Mames denboraren makinan murgilduko da, erakundearen historian funtsezko garrantzia izan zuen garai bati gorazarre egiteko: Klubak modernitaterako bidean jauzia erabakigarriak egin zituen aro bat omentzeko, Athleticen azkeneko bost hamarkadetan zehar eragin nabarmena izan zuen garaia gogora ekartzeko, hain zuzen ere.