
“Erronkatik egin behar diogu aurre partidari, eta ez beldurretik”
“Erronkatik egin behar diogu aurre partidari, eta ez beldurretik”
Lehoiek, ligako azken bi neurketak irabazi ondoren, FC Barcelonaren aurka jokatuko dute bihar etxetik at, heldutasun proba gogorra izanik
Athletic Clubek Bartzelonara bidaiatuko du gaur arratsaldean, bihar Liga F-ko 23. jardunaldia jokatzeko. Javi Lergaren ustez, “seinale ona” da jokalariak berreskuratzen joatea (Bibi, Patri Zugasti) eta jokalari guztiak prest izatetik gertu egotea. Hala adierazi du txapelketako liderraren aurkako hitzorduaren aurreko prentsaurrekoan.
“Erronka gisa egiten diogu aurre, inork ez du punturik lortu Johan zelaian. Hazkundea eta heldutasuna lortzeko balio behar digu”, esan du teknikariak, eta erreferentzia gisa hartu du Superkopan (Castalian) katalanen aurka jokatutako norgehiagoka.
“2. jardunaldiko lehen partida ez dugu erreferentzia gisa hartzen, bagenekielako asko falta zitzaigula taldea baldintza onenetan izateko”, esan du Javi Lergak, eta Superkopako finalerdietako hitzorduan bere taldea sendo egon zela uste du. “Erasoan trebetasun handiago falta zitzaigun”, zehaztu du.
Partida oso zorrotza izango da fisiko zein mentalki
FC Barcelona ligako beste txapelketa bat lortzetik gertu dago. Talde ahalguztiduna da. Nafarrak nabarmendu duenez, “partida luzea izango da eta sufritzen jakin beharko dugu. Baloiarekin atseden hartzen saiatuko gara, zaila da, baina ezin dugu baloia azkar kendu. Neurketak, erritmo maila kontutan hartuz, asko eskatuko digu bai maila fisikoan zein mentalean”.
Gol zaparrada handiak sinatu ohi dituen aurkari bati aurre egiteak beldurra ematen ote dion galdetuta, entrenatzaile zuri-gorriak galdera ozen bat egin du: “Nondik egin nahi diogu aurre partida honi? Beldurretik edo erronkatik? Mentalitatea partida irabazten saiatzekoa izan behar da, hortik askoz gehiago eraiki ahal izango baitugu.”
Athleticek bi garaipen lortu ditu jarraian Liga F-n, eta ezustea eman nahi du Bartzelonan, defentsan sendotasun handiagoa eman duen eta baloiarekin gehiago eraikitzea ahalbidetu duen sistemarekin.
Biharko partidaren ondoren, Atletico Madrid taldearen aurkako San Mameseko neurketa iritsiko da martxoaren 29an(17:00etan). “Orain arreta guztia biharko norgehiagokan” aipatu du Lergak. Bere esanetan, unea iristen denean ahalik eta ondoen prestatuko du Atletico Madrilen aurkako lehia Katedralean. "San Mamesera itzultzeko gogo handia dugu", gehitu du.
