
Jon Uriarte: "Maiatzaren 8ko data da egokiena Athleticentzat"
Jon Uriarte: "Maiatzaren 8ko data da egokiena Athleticentzat"
Presidenteak aitortza eta esker oneko hitzak eskaini dizkio Ernesto Valverderi Presidentetzarako eta Zuzendaritza-Batzordeko gainerako kideak hautatzeko hauteskundeen eguna iragarri aurretik
Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak agerraldia egin du gaur arratsaldean San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan, Athletic Clubeko Presidentetzarako eta Zuzendaritza-Batzordeko gainerako kideak hautatzeko hauteskundeen eguna maiatzaren 8a izango dela iragartzeko.
Uriartek jada 2025eko urrian iragarri zuen hauteskundeak denboraldiaren amaieran izango zirela, ahalik eta eragin txikiena izango zuten egunean. “Maiatzaren 8ko data Athleticen onerako bakarrik aukeratu da, egokiena delakoan gaude. Aukeratutako eguna Klubarekin asko hausnartutako eta adostutako erabaki baten emaitza da, data bakoitzak bere alde onak eta txarrak dituelako”, azaldu du.
Agintariak azpimarratu du balizko presidente berriak denbora tarte egokia izan behar duela bere gobernu-eginkizunak ahalik eta modu eraginkorrenean betetzen hasteko. “Kontuan hartuta denboraldi berria uztailaren 1ean hasiko dela, ezinbestekoa da presidente berri batek ahalik eta denbora gehien izatea botereen eskualdaketarako, Klubaren barne-funtzionamendua ezagutzeko eta kargura egokitzeko”.
Ondoren, galderen txandan, Uriartek xehetasun handiagoz argitu du maiatzaren 8ko data jartzean eragindako beste arrazoi bat, aztertutako beste batzuen aldean. Hain zuzen ere, zehaztu du, adibidez, maiatzeko azken asteburuarekin alderatuta, hauteskunde prozesuak gizonezkoen lehen taldearen 5 partidari bakarrik eragingo liekeela, maiatzaren amaieran 7 izango liratekeen bitartean, eta emakumezkoen Athleticen 4 partidei, 5en ordez. “Gainera, azken 4 partidak hauteskunde prozesutik kanpo geratuko lirateke, eta horrela balizko presidente berriak esperientzia eta ezagutza egokiak lor ditzake hurrengo denboraldirako”.
Aitortza eta esker oneko hitzak Valverderi
Jon Uriartek aitortza eta esker oneko hitzak eskaini nahi izan dizkio Ernesto Valverderi, joan den ostiralean entrenatzaileak datorren denboraldian Athleticen jarraituko ez duela iragarri ostean.
“Ernestorekin Kopa bat irabazi dugu 40 urteren ostean, Europa Leagueko finalerdietara iritsi gara eta Txapeldunen Liga jokatu dugu”, gogorarazi du presidenteak, Athleticen historian partida gehien zuzendu dituen entrenatzailearen irudia azpimarratuz.
Valverdek joan den ostiralean egin zuen bezala, Uriartek gogorarazi du oraindik 9 partida geratzen direla jokatzeko, 27 puntu, eta Ernesto Valverdek merezi duen agurra laster iragarriko dela.
