Oinarri-futboleko 100 futbol zelaik IV Euskal Non-League Day ospatuko dute asteburu honetan

Oinarri-futboleko 100 futbol zelaik IV Euskal Non-League Day ospatuko dute asteburu honetan

#DenaHastenDenLekuan leloarekin, Athletic Club Fundazioak urtero antolatzen den oinarri-futbola aitortzeko eta babesteko jaian parte hartzera animatzen du

Euskal Non-league Day ekimenaren laugarren edizioa asteburu honetan ospatuko da Athletic Clubekin hitzartutako Euskal Herriko 100 kluben futbol zelaietan. #DenaHastenDenLekuan lelopean, Athletic Clubek zale zuri-gorri guztiak animatzen ditu larunbat eta igande honetan bere auzoko edo udalerriko taldeen partidetara joan daitezen eta oinarri-futbolaren jaiarekin bat egin dezaten.

Athleticentzat funtsezkoa da hitzartutako klubek ordezkatzen duten futbol hezitzailearen balio soziala onartzea. Asteburu honetan geldialdia izango da gizonezkoen LaLigan, eta profesionalak ez diren klubentzat aukera paregabea da beren komunitatearen alde egiten duten kirol- eta gizarte-lana aitortua izan dadin.


Jarduera bereziak Athleticeko futbolari ohiekin

Beste urte batez, Euskal Non-League Day laugarren edizio honetan parte hartu duten klubek hainbat ekitaldi antolatu dituzte euren partiden inguruan.

Hala, ez dira gutxi bazkari herrikoiak programatu dituzten klubak, pintxoak saltzeko karpak jarri dituztenak, harmailak apaindu dituztenak, taldeen desfileak antolatu dituztenak eta banderak altxatu dituztenak, edo puzgarriak edo jolasguneak muntatu dituztenak jaia ahalik eta familiarrena izan dadin.

Gainera, Athleticeko jokalari ohiak zelai batzuetan egotea espero da.


Zozketa erakargarriak Non-League Day partida bakoitzean 

Gogoan izan Non-League Day partidetara bertaratzen diren zaleek txartelak erosteko aukera izango dutela, Athletic Clubek oinarri-futbolaren alde antolatu dituen zozketetan parte hartzeko.

Txartel bakoitzak 3 € balio du eta horrekin bi zozketatan parte hartzen da: Euskal Non-League Day partidaren atsedenaldian zelai bakoitzean egiten den banakako zozketa bat eta Athleticek datorren astelehenean, martxoak 30, egingo duen kluben arteko zozketa orokorra.


Bertako zozketa: San Mameserako bi sarrera zelai bakoitzean

Zozketa bakoitzak sari gisa bi sarrera banatuko ditu datorren denboraldiko LaLigako San Mameseko partida baterako. Hau da, hitzartutako 100 klubek parte hartzen dutenez, 200 sarrera zozkatuko dira.


Lehen saria: gizonezkoen lehen taldearekin etxetik kanpoko partida batera bidaia

Lehen sari orokorra sarrera bikoitza, bidaia eta bi lagunentzako egonaldia da gizonezkoen lehen taldearekin batera, LaLigako etxetik kanpoko partida batean. Parte hartzen duten hitzartutako klub guztien artean zozketatzen den lehen sari orokorra.


Bigarren saria: Players Zone VIP sarrera bikoitza

Bigarren sari nagusia LaLigako partida baterako sarrera bikoitza da, Players Zone VIP gunean, San Mamesen. Taldeen aulkien ondoan kokatutako VIP eserlekuak barne hartzen ditu, baita estadioaren VIP eraztunera sartzeko aukera ere, partida hasi baino ordu eta erdi lehenagotik. Hitzartutako kluben artean zozketatzen den bigarren sari orokorra.


Hirugarren saria: Meet & Greet bikoitza Lezaman lehoiekin

Bi lagunentzako pasea emakumezkoen lehen taldearen entrenamendu batera eta bisita esklusiboa Lezamako instalazioetara. Hitzartutako kluben artean zozketatzen den hirugarren sari orokorra.


IV Euskal Non-League Day ekimeneko 100 partiden egutegia

Anima zaitez eta asteburu honetan oinarri-futbola babestu!