"Indarberritu eta etxetik kanpo gogorragoak izan behar gara"

"Indarberritu eta etxetik kanpo gogorragoak izan behar gara"

Ernesto Valverdek Athletic Clubek Coliseumen galdu izana deitoratu du: "partida eurek nahi izan duten erritmoan jokatu da"

"Argi dago partida honetan ez garela ondo egon. Neurketa eurek nahi izan duten erritmoan jokatu da eta guk euren defentsaren aurrean motel eta hausturarik gabe jokatu dugu. Ez dugu gola egiteko egoerarik sortu. Izan dugun jabetza ez dugu behar bezala erabili". Horrela laburbildu du Ernesto Valverdek Athleticek Coliseumean Getafe CFren aurka jokatutako norgehiagoka.

Teknikari zuri-gorriaren esanetan, porrot honek taldeak emaitza positiboak kateatzeko zuen nahia eragotzi du: "Egiten ari garen denboraldiaren isla izan da gaurko neurketa. Une batzuetan etxetik kanpo hobeto egon gara, baina azken partidatan ez gara ondo jokatzen ari. Kontua da ez dugula asmatzen, behin aurreko jardunaldian irabazi dugula, sentsazio onei jarraipena ematen. Gaurko hitzordua, ia ezer egin gabe, alde jarri zaio Getaferi eta guk ez dugu erantzuteko baliabiderik izan".

Azkenik, denboraldi hau amaitzeko geratzen diren zortzi neurketen erreakziorako deia egin du Valverdek: "Gosea behar dugu. Oraindik ez gaude salbatuta, baina ezta goiko postuetatik urrun ere. Baina anbizioa izan behar dugu gora iristen saiatzeko eta beste batzuetan eman ditugun pauso horiek emateko. Indarberritu eta etxetik kanpo gogorragoak izan behar gara".