Real Sociedad - Athletic Club
Jardunaldia 24
Liga F

Real Sociedad - Athletic Club

Real Sociedad
Real Sociedad
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 13' N. Eizagirre (p.)
  • Landaluze 50'

KokapenaReale Arena , Donostia

7.982 pertsona

Puntu banaketa derbian

Lehoiek Reala estu hartu zuten bigarren zatian eta puntu bat eskuratu zuten Reale Arenan

Liga F-ko 24. jardunaldian, San Mamesen partida jokatu ondoren, lehoiek Reale Arena bisitatu zuten, beste jokaleku handi bat. Bi zati oso ezberdinak izan zituen derbia Nerea Eizagirrek eta Naia Landaluzek egindako golei esker berdinketan amaitu zen.

Ezer gutxi gertatu zen lehen zatian. Neurketako 10. minutuan Marta Unzuek Amaiur area barruan lurrera bota zuen eta Nerea Eizaguirre txuriurdinen aldeko penalti ez zuen huts egin. Lehen 45 minutuetan ez zen gehiagorik gertatu, Quiñonesek eta Letek lehen zati lasaia izan zuten.

Bigarren zatiak zerikusi gutxi izan zuen lehenarekin. Aldageletatik itzuli ostean, Naia Landaluzek modu akrobatikoan eta zutoinaren laguntzarekin berdinketa lortu zuen 49. minutuan. Orozkokoak lehen mailan egiten duen lehen gola izan zen. Athleticek, berdinketaren ostean, bere minuturik onenak aurkitu zituen Reale Arenan. Jone Amezaga eta Ane Azkona zorrotz eta bizi aritu ziren hegaletatik eta hainbatetan jarri zuten Lete atezaina zailtasunetan. Aldiz, Amaiur zen etxekoen jokalari arriskutsuena, atzealde zuri-gorria behin eta berriz kolokan jarri zuen. Norgehiagokak erritmo biziagoa zuen eta areatan aukerak ugaritu ziren. Azkonak, 76. minutuan, 1-2koa sartzeko abagune aparta izan zuen. Aurrelari nafarrak, neurketako aukerarik argienean, atea berarentzat zuela, ezkerrarekin baloia kanpora bidali zuen. Zalantzarik gabe, Athletic jaun eta jabe izan zen bigarren zatian.

Azken txanpan, lehoiak ondo defendatu eta hiru puntuak lortzen saiatu ziren. Pinedok ere saiatu zen areaz kanpoko jaurtiketa batekin, baina baloiak ez zuen atea aurkitu. Allegrak, Realarentzat, eta Aranak, Athleticentzat, luzapenean garaipenaren gola gertu izan zuten, baina ez batak eta ez besteak ez zuten ate aurrean asmatu. Puntu banaketa derbian Ligaren etenaldiaren aurretik. Lezaman jokatuko diren datozen bi jardunaldiak berebizikoak izango dira.