Real Sociedad - Athletic Club
Jardunaldia 21
Liga F

Real Sociedad - Athletic Club

Real Sociedad
Real Sociedad
01
Athletic Club
Athletic Club
  • Nahikari 60'

KokapenaReale Arena , Donostia

Nahikarik bosgarrena jarri du Reale Arenan

David Aznarren taldeak garaipen neketsua lortu du Realaren aurkako derbian (0-1)

Derbiko hiru puntuak Bilbora etorri dira. Nahikarik 59. minutuan gauzatutako golari esker Athletic Clubek garaipena ostu du Reale Arena zelaian. Lehoiek partida bikaina egin dute Donostiako estadioan eta jarraian erdietsitako bosgarren garaipena lortu dute. Hiru puntu berri hauekin, talde zuri-gorria sailkapen nagusiko seigarren postuan kokatu da. Denboraldi honetan Athleticek talde txuriurdina mendean hartzea lortu du ikasturteko hiru norgehiagoketan, ligako bietan eta EH Kopako finalean.

Lehen zatia oso parekatua izan da, bizia, baina abagune gutxikoa bi taldeentzat. Cecilia Marcosek, bi aukera izan ditu etxekoen taldea aurreratzeko, baina Nanclaresekin topatu da. Lehoien aldetik, Elexpuruk izan du saiakerarik arriskutsuena, baina honen jaurtiketa langatik gora joan da.

Bigarren zatiaren hasiera erritmo handikoa izan da eta Realak Amaiurren burukada batekin eta Ceciliaren beste jaurtiketa neurtu batekin beste bi aukerez gozatu du. Oraingoan ere, Nanclares atezainak saiakera guztiak sahiestu ditu. Athleticek Nahikariren bidez erantzun du, baina bere jaurtiketa Leteren atetik gora joan da. Neurketa zaildu da, eta une horretan 7 zenbakidun aurrelariak agerraldia egin du hiru defentsa gainditu eta jaurtiketa gurutzatu batekin ate txuriurdina gainditzeko. Reala ez da kikildu eta Frannsiren bidez berdinketaren gola bilatu du. Hala ere, minutuak aurrera egin ahala, norgehiagoka lasaitu egin da eta Athleticek baloiaren jabetza gehiago kontrolatu du.

Azken minutuetan, Athletic talde sendoa eta heldua dela erakutsi du eta ez du garaipena Donostiatik ihes egiten utzi. Nerea Eizagirrek azken unean berdinketaren gola egiteko aukera izan du, baina honen jaurtiketa zutoina miazkatzen joan da eta hiru puntuak Bilbora bidean jarri dira. Athletic bolada ikaragarrian da, oina azeleragailuan sakon zapaldu du eta sailkapeneko goialdean kokatu da.