
- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2026-27
- Real Sociedad - Athletic Club
Real Sociedad - Athletic Club


- 51' Keefe
- S. Ortega 21'
- Azkona 35' ,39'
- Pinedo 57'
KokapenaAnoeta, Donostia
Athleticen festa Anoetan
Lehen zati bikain batean, Sara Ortegaren gol ikusgarriak eta Azkonak sartutako biek garaipen sendoa bideratu dute Realaren aurka. Pinedok borobildu du emaitza (1-4)

Athletic Clubek kolpea eman du mahai gainean Anoetan, Real Sociedad 1-4 mendean hartuta. Erasoan erakustaldia eman dute lehoiek, zelaiko azken hereneko joko bizi, ausart eta erabakigarriari esker. Sara Ortegaren jokaldi bikain batek ireki du garaipenaren bidea, lehen zati zoragarrian. Azkonak, bi golekin, aldea handitu du atsedenaldia baino lehen, eta Pinedok itxi du golegileen zerrenda. Halaber, Nanclaresek bere lana bikain bete du atepean. Plazera da talde hau ikustea: hazten ari da, eta ez du etenik.
Anoetako derbia aukera bikaina zen lehoien gaitasuna neurtzeko eta beste koska bat gora egiteko, bai jokoan, bai emaitzetan. Gorantza doan Reala izan dute aurrez aurre, galdu gabeko bost partidako boladarekin -zortzi Europako lehiaketa ere kontuan hartuta-. Baina Victor Martinen taldeak, planteamendu bikainarekin, partida erabat bereganatu du, adimen taktiko handia erakutsiz.
Hasierako susto baten ondoren -Nerea Eizagirreren burukada kanpora joan da-, erasoko armak erakutsi ditu Athleticek, Realaren defentsa-lerroa behin eta berriz ezustean harrapatzeko, pase laburren eta bizkarrean egindako mugimenduen bidez. Horrela iritsi da lehen aukera garbia: Elexpuruk buruz burukoan izan du gola egiteko aukera, baina Arrulak geldiketa bikaina egin du.
Etxekoen arriskua identifikatuta zegoen, hegal berean: Cecilia Marcos. Eta Nanclares arduratu da haren saiakerak behin eta berriz geldiarazteaz. Lehen geldiketatik bi minutura iritsi da 0-1ekoa. Benetako artelana izan da: Azkonaren laguntza, Elexpururen pasea Sara Ortegari, aurrelaria espazioan sartu eta oso urrutitik baloia gainetik loratuta sartzea.
Euria Athleticen ekaitz zuri-gorriaren iragarpena besterik ez da izan. Nanclaresek Ceciliari egindako beste geldiketa bat funtsezkoa izan da berehala 0-2koa iristeko. Bibik eta Agotek hasi dute jokaldia, eta Azkonak, bigarren saiakeran, amaitu du (35. min).
Bilbokoen eraso-zaparradan, Arrulak Agoteren 0-3koa eragotzi du, baina aldi baterako baino ez. Sara Ortegak berriro hartu dio bizkarra Morazari, eta erdiraketa bikaina egin du Azkonak buruz hirugarrena sar zezan. Kolpea are handiagoa izan da, Anoetan bildutako zale zuri-gorrien gozamenerako. 38. minutua zen, eta kapitainaren bosgarren gola aurtengo denboraldian. Oraindik lan handia zegoen egiteko; besteak beste, Cecilia Marcos gelditzea. Donostiarrak berriro ikusi du Nanclares aparteko mailan dagoela.
Atsedenaldiaren ondoren ere gosez zelairatu da Athletic. Agotek laugarrena izan du oinetan, baina, jarraian, Cecilia Marcosek Sonya Keefe bilatu du, hark eroso gola sar zezan. Lehoiek ez dute dardararik egin, eta Clara Pinedo agertu da, bere jaurtiketa indartsu eta zehatzarekin, laugarrena sartzeko, zutoinaren ondo-ondotik.
Amezagak bosgarrenarekin mehatxu egin du birritan. Azken saiakera jokaldi ikusgarria izan da, baina Cecilia Marcosek gola marra gainean eragotzi du. Lehoiek atzaparrak zorrotz izaten jarraitu dute, nahiz eta donostiarrek aldea murrizteko azken ahalegina egin. Cecilia Marcosek aukera garbia oparitu dio Eizagirreri, baina Nanclares hor zegoen berriro, eta kapitain donostiarrari azken gola ukatu dio haren 300. partidan.
Athletic irribarre handi batekin itzuliko da Anoetatik. Orain, erronka itzel bati egin beharko dio aurre, FC Bartzelonaren aurka, eta, ondoren, zaleekin berriz elkartuko da Deportivo Alavesen aurkako derbian. Une ezin hobea izango da gure lehoiei gertutik jarraitzeko. Itxura bikaina du honek!
.
Hamaikakoan

J. Arrula
Florentino
Moraza
Apari
L. Camino
Ainhoa M.
Keefe
N. Eizagirre
Cecilia
Ainoa
Cahynová
Ordezkoak
A. Estensoro
Esther
Intza
Maren
Seelenfreund
Arola A.
M. Molina
Entrenatzaileak
Gorka Álvarez

Real Sociedad
Hamaikakoan

J. Arrula
Florentino
Moraza
Apari
L. Camino
Ainhoa M.
Keefe
N. Eizagirre
Cecilia
Ainoa
Cahynová
Ordezkoak
A. Estensoro
Esther
Intza
Maren
Seelenfreund
Arola A.
M. Molina
Entrenatzaileak
Gorka Álvarez

Athletic Club
Hamaikakoan























