Real Sociedad - Athletic Club
Jardunaldia 10
Liga F

Real Sociedad - Athletic Club

Real Sociedad
Real Sociedad
10
Athletic Club
Athletic Club
  • 5' Lavogez

KokapenaReale Arena , Donostia

Athleticek garesti saldu du Realaren aurkako porrota

Lehoiek gol bakar batengatik galdu dute 60 minutu baino gehiago jokalari bat gutxiagorekin jokatu duten euskal derbia

Reale Arenan jokatutako hamargarren jardunaldiko norgehiagokak zapore gazia utzi dio Athletici; izan ere, derbiko hiru puntuak Donostian geratu dira Lavogezek sartutako golaren ondorioz. Neurketa 28. minutuan Oguiza kapitainaren kanporaketak erabaki du eta lehoiak partidaren erdia baino gehiago jokalari bat gutxiagorekin jokatzeko behartuak izan dira. Hala ere, Athleticek aurpegia eman du eta ausardiaz berdinketaren saria bilatzen saiatu da, nahiz eta ez den iritsi.

Reala hobeto sartu da neurketan eta laster aurkitu du gola. Lavogezek, denboraldi honetako fitxaketak, 1-0ekoa lortu du 4. minutuan. Kosta egin ziaio Athletici sartutako gola barneratzea, baina azkar suspertu eta bere jokorik onena egiten hasi da. David Aznarrek hegaleko sakonekin jokatzeko sistema aukeratu du berriro, Jone Amezagaren lasterketa azkarren baten bila. Elexpuruk penalti puntutik izan du berdinketarako abagunea, baina aurretik Nerea Eizagirrek burukada gurutzatu batekin etxekoen bigarren gola egiteko gertu izan da. Haatik, zuri-gorrien unerik onenean, Irene Oguiza Athleticeko kapitaina txartel gorriarekin kanporatu du epaileak, Andreia Jacintori iletik tira egin diola argudiatuta. Polemika derbiaren erdigunean eta neurketa guztiz baldintzatuta. Oguizak aldagelarantz jo du 28. minutuan, markagailua eta norgehiagoka bera aldapa gora zegoelarik.

Txuri-urdinak nagusi izan dira bigarren zatiko lehen minutuetan. Sanchez Veraren taldeak neurketa guztiz erabakitzeko aukerak izan dituzte, baina Athleticek ausart eutsi dio 12.000 lagunetik gora bildu dituen Reale Arenako soropilean.

Nanclaresek erasoei erantzun bikaina eman die, eta geldiketa handiak gauzatu ditu. Lehoiak, berriz, Daniela Agote Lehen Mailan debuta egin duela, era guztietara berdinketa bilatu dute. Lavogezek 2-0ekoa gertu izan du berriro, baina jaurtiketa Nanclaresek desbideratuta kanpora joan da. Athletic markgailua iraultzen saiatzen buru-belarri jardun da, baina Vanegas izan da txuri-urdinen atzealdeko liderra. Athleticek ezin izan du balantza orekatuko lukeen gola lortu, eta Realak ondo eutsi dio aldeko errentari eta Liga F-ko euskal derbia bereganatu du.

Talde zuri-gorriak jokalari bat gutxiagorekin utzitako irudi onak ondo islatzen du talde honen arima zein den. Hurrengo lehia datorren larunbatean izango da, Lezaman, Madril CFF taldearen aurka.