Athletic Club - RCD Espanyol
Jardunaldia 3
Liga F

Athletic Club - RCD Espanyol

Athletic Club
Athletic Club
22
RCD Espanyol
RCD Espanyol
  • 36' Azkona
  • 93' Maddi
  • Iara 4'
  • L. Vallejo 47'

KokapenaLezama 2, Lezama

Athleticek puntu bat erreskatatu du Lezamako amaiera zoroan

Lehoiek bina berdindu dute RCD Espanyolen aurka (2-2), Maddik 93. minutuan sartutako golari esker, eta Pinedok langara bidalitako jaurtiketa batekin garaipena lortzeko zorian egon dira azken jokaldian

Athletic Clubek puntu bat eskuratu du RCD Espanyolen aurka Lezaman (2-2), azken unera arte gorabehera ugari izan dituen partida zoro batean. Zuri-gorriek bi aldiz egin behar izan dute markagailuan atzetik aurrera, eta egindako ahaleginak saria izan du 93. minutuan, Maddik behin betiko berdinketa lortu duenean.

Espanyol aurreratu da lehenengo Iararen bitartez, baina Athleticek atsedenaldia iritsi aurretik erantzun du. Azkonak, Valeroren jokaldi bikain baten ondoren, berdinketaren gola sartu du eta 1-1ekoarekin joan dira zuri-gorriak aldageletara.

Bigarren zatia ezin okerrago hasi da lehoientzat. Partidari berrekin eta berehala, 46. minutuan, Vallejok aurretik jarri du berriro talde kataluniarra (1-2). Athleticek berriro egin behar izan du aurrera eta Víctor Martínek aulkitik irtenbideak bilatu ditu taldearen erasoko presentzia handitzeko.

Amezaga izan da atsedenaldiaren ostean zelairatzen lehena, Zugastiren ordez, eta, ondoren, Sara Ortega, Campos eta Nerea Benito sartu dira Garazi, Azkona eta Oguizaren ordez. 70. minutuan iritsi da zuri-gorrien azken aldaketa: Marina Artero zelairatu da Bibiren ordez. Hala, jokalariak bere lehen minutu ofizialak jokatu ditu Athleticen lehen taldearekin.

Lehoien bultzada handituz joan da azken minutuak gerturatu ahala, eta 82. minutuan berdinketa lortzeko aukera paregabea izan dute. Epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazi du, baina Salvadorrek jaurtiketa gelditu eta Espanyolen abantailari eutsi dio.

Kolpe horrek ez ditu zuri-gorriak geldiarazi, eta bisitarien atearen bila jarraitu dute. Partidak beste norabide bat hartu du 90. minutuan, Guerrak txartel gorria ikusi duenean, eta Espanyol hamar jokalarirekin geratu da luzapenerako.

Handik gutxira, 93. minutuan, Athleticek saria jaso du. Maddik 2-2koa egin du Pinedoren erdiraketa on baten ostean, eta poza leherrarazi du Lezaman. Nagusitasunarekin eta oraindik jokatzeko denborarekin, lehoiek garaipenaren bila jarraitu dute. Izan ere, azken jokaldian Pinedok langara bidali du jaurtiketa bat, eta Athleticek hiru puntuak eskuratzeko zorian amaitu du norgehiagoka.

Puntu bat gehiago Athleticentzat, denboraldi hasiera bikainari jarraipena emanez: zuri-gorriek galdu gabe jarraitzen dute, lehen bi jardunaldietan garaipena lortu ostean.