Athletic Club - Madrid CFF
Jardunaldia 11
Liga F

Athletic Club - Madrid CFF

Athletic Club
Athletic Club
10
Madrid CFF
Madrid CFF
  • 75' Vilariño

KokapenaLezama 2 , Lezama

Vilariñok orekatua izan den partida erabaki du

Bigarren taldeko jokalaria bolea eder batekin estreinatu da Madril CFF taldearen aurkako partida zorrotz batean

Athleticek berriro irabazi du etxean. Lezaman jokatutako aurreko jardunaldian Real Betisi gailendu ondoren garaipena lortu du beste behin. Fisikoki indartsua den eta ligako azken bi partidak irabaztetik zetorren aurkariak partida zorrotza bilakatu du. David Aznarren neskek zailtasunak izan dituzte  espero zen bezala, baina Maitane Vilariño harrobiko jokalariak neurketako gol bakarra sartu du. Etxekoek hiru puntu garrantzitsu batu dituzte.

Lehoiak berdegunera modu hobeagoan sartu dira arerioa menderatuz, nahiz eta partidako lehen zatian aukera argirik ez eduki. Egia da bi taldeek, joko sistema berarekin, antzeko norgehiagoka planteatu dutela, zabaltasuna eta sakontasuna ematen saiatuz. Lehia hobeto hasi da etxeko taldearentzat, Madrid CFF aurkariaren areara gehiagotan aurkeztu den arte. Hala ere, Nanclaresi ia lanik eman gabe. Bestalde, Azkonak gertu izan du gola, baina nafarrak ez du asmatu area txikian.

Neurketa askoz gehiago berdindu da, eta defentsa zuri-gorriaren lan onak arazoak ekidin ditu. Nanclaresek Allegraren jaurtiketa gelditu du, madrildarren gola sahiestuz. Norgehiagoka atsedenaldia baino lehenago eten behar izan dute, harmailan gertatu den intzidentzia baten ondorioz. Zorionez, laster egonkortu da egoera. 

Madrid CFF taldea ideiak argiago zituela zelairatu zen atsedenaldiaren ondoren. Nanclaresen ingurura hainbat abagune arriskutsu etorri dira eta kanpoko taldeko jokalarien indar fisikoari adi egon behar izan du beti.

David Aznarrek aldaketak egin ditu, aurrealdean batik bat. Sanadri eta Maitane Vilariño markagailua irekitzeko asmoz sartu dira berdegunera. Eta horrela izan da. 75. minutuan, Vilariñok boleaz, Athletic Cluben jokalari profesional gisa bere lehen gola sartu du.

Juanjo Vila ez da geldirik geratu eta aulkia mugitu du. Madrid CFFk presioa sartu du neurketan talde zuri-gorriaren arean arriskua sortuz. Defentsak eta Nanclaresek lan ona egin dute golak ekiditeko eta atea berriro hutsean uzteko. Valerok azken abaguneetako bat izan du, gutxigatik joan den erremate batean. Luzapenean, madrildarrek korner batzuk jarraian atera dituzte, baina garaipena etxean geratu da zale zuri-gorrien poztasunerako. Hiru puntu sailkapenean gora egiten jarraitzeko.