Real Betis Féminas - Athletic Club
Jardunaldia 18
Liga F

Real Betis Féminas - Athletic Club

Real Betis Féminas
Real Betis Féminas
04
Athletic Club
Athletic Club
  • Azkona 17'
  • Pinedo 34'
  • Maddi 42'
  • Roberts (b.a) 62'

KokapenaLuis del Sol , Sevilla

Lehoiek garaipena erdietsi dute berriro Sevillan

Athleticek mendean hartu du Real Betis eta garaipenaren bidera itzuli da partida bikaina jokatu ostean

Sevilla puntuak batzeko zelai ona izan da aurten sartutako golei erreparatzen badiegu. Lehen itzulian Sevilla FC taldeari 2-5 irabazi ondoren, Athletic Clubek berriz ere eraginkor jokatu du eta 0-4 irabazi dio Real Betisi Luis del Sol Kirol Hirian. Ane Azkonak, birritan, denboraldi honetako lehen bi golak erdietsi ditu eta, hori gutxi balitz ere, Pinedo eta Maddi ere lehoien gol festara batu dira.

Norgehiagoka desberdina izan zitekeen Blancaren bitartez andaluziarrek aurrea hartu izan balute. Zuri-gorriek atzealdean egindako akatsa baliatuta, Nanclaresen geldiketa bikaina egitera behartu dute. Hala ere, hasierako sustotik harago, Athleticek jokoaren eta kontrola hartu eta Joseba Aguirreren taldeari min egiteko abaguneak aurkitu ditu. Jokoan agintzearen ondotik, Ane Azkonak, Zubietak eta Ortegak ondo landutako jokaldiaren ondoren, neurketako lehen gola sartu du.

Ordu erdia igarota, Elexpuruk Pinedo aurkitu du area ertzean, eta honek ez du bitan pentsatu: begirada altxatu, jaurti eta bigarren gola egin du. Sevillako taldeak ez du Athleticen presioa gainditzeko modurik aurkitzen eta Zubietak, Riazorren egindakoa errepikatu nahi izan du; ordea, Noelia atezainak jaurtiketa gelditu eta busturiako jokalariaren ideia zapuztu du. Atsedenaldira iritsi aurretik, Maddi, korner baten aldaratzean, norgehiagokako azkarrena izan da eta eguneko hirugarren gola erdietsi du. Lehia erabakita zegoen eta Athleticek abantaila erosoarekin ekin dio bigarren zatiari.

Aldageletatik bueltan ere Azkonak, bigarrenez, aurkariaren atezaina gainditzeko trebezia erakutsi du. Bigarren zatiko lehen minutuetan Ane Elexpuruk gauzatutako hegaleko jokaldia erabakigarria izan da 11 zenbakidunak Athletic Cluben laugarren gola sartzeko. David Aznarren taldeak gol gehiago egin nahi izan ditu, baina ez du hasieran bezain sakon jokatu. Real Betis taldeak Cameronekin izan ditu aukerarik onenak, baina Nanclares adi egon da aurrelariak egindako jaurtiketak desbideratzeko. Noregehiagoka bukaerara hurbiltzen joan den heinean, emozioa galtzen joan da eta talde zuri-gorriak inolako arazorik gabe hiru puntuak bereganatu ditu. Orain zuri-gorriek 32 puntu dituzte eta laugarren postuan daude kokatuta, bosgarrena den Realarekin berdinduta. Datorren igandean derbia izango dugu Katedralean. Ezinbesteko hitzordua athleticzaleentzat.