Athletic Club - Sevilla FC
Jardunaldia 8
Liga F

Athletic Club - Sevilla FC

Athletic Club
Athletic Club
00
Sevilla FC
Sevilla FC

KokapenaLezama 2, Lezama

Batzen jarraitzearen garrantzia

Athletic Clubek eta Sevilla FC taldeak hutsna berdindu dute Lezaman

Victor Martinek hainbat aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, Valencia CF taldearen aurka zelairatutakoaren aldean, eta Nerea Benito, Clara Pinedo eta Jone Amezaga sartu ditu. Aldaketa horien bidez, entrenatzaile zuri-gorriak taldeari aukera berriak eman nahi izan dizkio bai erasoko fasean bai defentsako lanean. Horren adibide izan da Ane Elexpururen kokapen aurreratuagoa eskuin hegalean.

Lehen zatia intentsitate handiak eta norgehiagoka ugariak markatu dute. Athleticek Elena Sullastreren atearen bila ekin dio neurketari, eta 8. minutuan markagailuan aurrea hartzetik gertu izan da. Hala ere, epaileak Landaluzeren gola baliogabetu du.

Sevillak ez du atzera egin, eta berehala erantzun du. Andrea bigarren baloi batez baliatu da Nanclares gainetik gola sartzeko, baina erasotzailea jokoz kanpo zegoen eta gola ere baliogabetu egin du. Andaluziarrek presio-lerroa aurreratu dute aurkariaren zelaian baloia berreskuratzeko asmoz, eta Aliciak zein Clau Blancok atez kanpo joan diren jaurtiketekin saiatu dira.

Ordu erdia igarota, lehoiak berriro luzatu dira erasoan. Ane Azkonak bi jokaldi arriskutsu amaitzetik gertu egon da: lehena korner baten ostean eta bigarrena hegaletik egindako erdiraketa baten ondoren. Sara Ortega ere saiatu da gurutzatutako jaurtiketa batekin, baina kanpora joan zaio.

Zuri-gorriek temati jarraitzen zuten, baina Sevillak ez dio erasoari uko egiten, Andrearen mugikortasuna aprobetxatuz. Guatemalako aurrelaria bere taldearen jokaldi arriskutsu guztietan agertu da. Horietako batean Nanclares gainditu du, baina Landaluzek azkenean gola saihestu du.

Agote, Gurtubay, Campos eta Garazi zelairatu ostean, Victor Martinen taldeak azken bultzada bilatu du. Ahalegin horren fruitu, deustuarraren jaurtiketa ikusgarri batek langa jo du. Sevillak luzapeneko hainbat hurbilketarekin erantzun du. Azken saiakerek ez dute saririk izan, eta bi taldeek puntu bana eskuratu dute.

Garaipena lortu ez arren, lehoiek puntuak batzen jarraitzen dute, Liga F-ko jokatutako 8 jardunaldietatik 7tan egin duten bezala, eta dagoeneko merezitako 15 puntu pilatu dituzte.