Athletic Club

Athletic Club Fundazioak, Kepa Junkerarekin elkarlanean, “Athletic Bihotzez” aurkezten du

Athletic Club Fundazioak, Kepa Junkerarekin elkarlanean, “Athletic Bihotzez” aurkezten du

Kirola bera gainditzen duen proiektu bat da hau; klub zuri-gorriaren jarraitzaileen sentimenduetara iristeaz gain, futbolzale…

Kirola bera gainditzen duen proiektu bat da hau; klub zuri-gorriaren jarraitzaileen sentimenduetara iristeaz gain, futbolzale ez direnenganaino ere iritsi nahi du, kirol honek dituen berezko balioak transmititzeko asmoz.

“Athletic Bihotzez”ek hainbat elementu ditu, eta horien artean Kepa Junkera musikari bilbotarraren azken lana nabarmentzen da: mestizajea eta integrazioa biltzen dituzten eta hainbat euskal artistak letra jarritako piezekin osatutako CDa.

Arima zuri-gorriaren berri gizarte-esparru guztietara zabalduko dute, alde batetik, irudi eta testu argitaragabeek osatutako bidaia-koaderno gisako liburuak, eta, bestetik, proiektuaren making-offaren DVDak.

Athletic Club Fundazioak, klub zuri-gorriaren irudia oinarri hartuta, kirolaren mundua gainditzen duten proiektuak garatzen jarraitzen du, bide batez artearekin, kulturarekin, eta, azken finean, gizartearen baitako guztiarekin sinergiak sortuz.

Hilaren 14an bilbotar guztiei aurkeztu zitzaien Athletic Clubak UEFAn erabiltzeko Dario Urzayk diseinatu duen kamiseta berria. Kamiseta horrekin, Athletic Fundazioak artea eta kirola bat egin nahi izan ditu. Gaur hemen gaude ilusioz eta harrotasunez bete gaituen proiektu handiguratsu baten berri emateko: alde batetik, klubaren berezko balioak transmititzen dituelako, eta, bestetik, zaletuen interesaz harago doalako, kirolarekin orokorrean eta futbolarekin zehazkiago zerikusirik ez dutenenganaino iristen baita.

“Athletic Bihotzez” sortu ahal izateko, funtsezkoa izan da Athletic Club Fundazioaren eta Kepa Junkeraren arteko lankidetza. Euskal musikari nazioartekoenak 20 urteko karrera musikala du, eta arrakasta asko, atzean; baina, horrez gain, Athletic-en koloreak ariman daramatza txiki-txikitatik, eta, zentzu horretan, proiektu honekin izan duen inplikazioak profesionalaren arloa gainditzen duela esan daiteke.

Bokazio unibertsaleko arima zuri-gorria duen diskoa

Athletic Clubaren eta musikari bilbotarraren arteko bat-egitetik, beraz, sortu da proiektu honen elementu nagusia: kirol-himno klasikoekin zerikusirik ez duten letrek eta musikek osatutako abestiekin egindako diskoa. Abesti horiek klub zuri-gorriaren jarraitzaileen bihotzak ukitzeko asmoz sortu dira, eta, zergatik ez, gradetan abesti erreferente bihurtzeko asmoz.
Nolanahi ere, Kepa Junkerak konposatutako piezak musikazale guztiei zuzenduta daude, euskal doinuak musika etnikoarekin bateratzen baitituzte, arraza arteko garrasi gisa -artista bilbotarrak horri heldu dio aurreko lanetan ere-; hainbat hizkuntza batzen dituzte; iragana, oraina eta geroa dituzte mintzagai, Athleticen harrobiko txikienen ahotsak lehoi eta lehoi emeen lehen plantillakoekin elkartuz…

Azken finean, sarritan futbolarekin lotu izan diren jarrera arbuiagarriak musikaren bitartez ahazten lagundu nahi du proiektu honek, futbolaren bertute nagusiak biltzeko xedez.

Hori bai, Junkerak konposatutako gaiei letrak jarri dizkiete, Doctor Deseoko Francis, Tontxu Ipiña eta Idi-Biotzeko Mikel abesleek; Edorta Jimenez eta Kirmen Uribe idazleek eta Xabier Amuriza, Igor Elorza eta Unai Iturriaga bertsolariek. Letra horiek guztien bereizgarri da espiritu integratzailea, indarra, kemena eta, batez ere, hunkitzeko eta gure Athleticen sentimenduak bizitzeko gaitasuna. Disko honek, azken finean, bokazio unibertsaleko arima zuri-gorria du.

“Athletic Bihotzetz”, CD bat baino askoz gehiago

Kepa Junkeraren musika izango da “Athletic Bihotzez” proiektuko elementu nagusia, eta, halaber, aurrez aipatutako balio horiek guztiak transmititzen dituzten bestelako euskarriak ere gehituko dira, irudi bateratu bat osatuz.

“Athletic Bihotzez” proiektuak ondo zaindutako aurkezpen berritzailea du, eta CDarekin batera DVD bat ere eskuragarri izango da, proiektua hasieratik nola gauzatu den erakusten duten irudiekin, bitxikeriekin, grabaketetako hartualdi dibertigarri eta batzuetan hunkigarriekin….

“Athletic Bihotzez” saileko hirugarren elementua liburu bat da, irudi-koaderno gisa sortua, eta Athletic Clubeko jarraitzaileentzat aparteko altxorra izango dena, bai berez duen balioagatik, bai kalitate estetikoagatik. Halaber, opari aproposa da zalea ez den edonorentzat ere, proiektuko beste euskarriak bezalaxe.

Proiektu hau gauzatzeko, Athletic Clubeko kategoria guztietako plantillaren lankidetza puntuala izan dugu, eta hainbat arlotako pertsona ospetsuren laguntza izatea ere espero dugu. Berretsi ahala, horren berri ematen joango gara.

Espero dezagun proiektu honek bihotz asko hunkituko dituela, eta, gutxienez, sortzeko izan ditugun bezainbeste amets eta ilusiori bide irekiko diela.