
Athletic Clubek 4-Mallorcak 0: Geldiezinak
Athletic Clubek 4-Mallorcak 0: Geldiezinak
Amaiera ezin hobea eman dio Athletic Clubek urteari eta lasaitasun osoz ekingo dio asteko oporraldiari…
Amaiera ezin hobea eman dio Athletic Clubek urteari eta lasaitasun osoz ekingo dio asteko oporraldiari Mallorca 4-0 mendean hartu ostean. Hamar eguneko bueltan lau partida jarraian irabazi du gure taldeak, aspaldiko markak gaindituz, 14 gol lortu ditu eta bakarra jaso du. Kopako final zortzirenetan dago, UEFAko final hamaseirenetan sartu da lehen kanporaketa eta Multzoen Fasea gainditu ostean lidergoa lortuz eta, azkenik, Ligan 24 puntu dauka lehen itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta direla, iazko txapelketaren erdian 26 puntu lortu zituela kontuan hartuta. Ez dago ezer egina, baina asko dago egiteke.
Mallorcaren aurkako lehiak lasaitasunaren arriskua zekarren, baina zurigorriek berehala uxatu dituzte mamu guztiak: 6. minuturako Yestek burukada bortitza egin du Iraolaren pasea aprobetxatuz eta 10. minutuan Ezquerrok egin du Ligako bere seigarren gola Yestek irrist egin eta gero egin duen falta jaurtiketa errematatuz. Partida bideratuta zegoen, baina ez erabakita. Urzaizek, Orbaizek -zutoinera-, Del Hornok eta Etxebek euren abaguneak ezin izan dituztelako gauzatu.
Horrek Mallorcaren txanda ahalbideratu egin du eta Athletic Clubek unerik txarrenak pasatu ditu bigarren zatiaren hasieran, batez ere Pererak 51. minutuan eta Campanok 53. minutuan abaguneak izan dituztenean. Ez dute beher legez aprobetxatu eta zurigorria izan da ekimena partida amaitu bitartean. Del Hornoren beste burukada baten ostean gaueko golerik politena iritsi da, Gurpegik maisuki lortu baitu hirugarren gola taldeko jokaldi ederra burutuz 77. minutuan. Mallorcak besoak jaitsi ditu eta Aranzubiak kristoren geldiketa egin badu ere 85. minutuan, partidako laugarren gola ere etxekoentzat izan da, Yestek penaltiz lortutakoa.
Datorren urteko lehen partidarako Yesteren baja izango du Athletic Clubek, bosgarren txartela ikusi eta gero. Denbora dago horretaz pentsatzeko, baina zein ederra izango da geldiunea taldea egon badagoela frogatu eta gero.

